Murrizketen ondorioz, milaka kaltetu, langabezia tasa gorantz, enpresak ixten eta asko etxerik gabe geratzen. Milaka eta milaka herritar ari dira pairatzen krisiaren eragina. Garai zailagoak zein hobeagoak izan, ordea, badira egunero-egunero ohi baino zailtasun gehiagori aurre egin behar dietenak: elbarriak. Haiekin lan egiten dute enplegu babestuko enpresek, eta egungo egoera haientzat latza izaten ari bada ere, ahal bezala ari dira euren eskaintzari eusten. Egoera larri horrek geldialdi bat egitera behartu ditu, eta 2012rako erronka nagusi bat dute: enpleguari eusten jarraitzea.
«Zalantzak eta ziurgabetasuna nagusi dira sektorean». Hala laburbildu du egungo egoera Pablo Moratalla EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko ordezkariak. Haren arabera, batik bat zerbitzuen arloan ageri dira kezkak, gero eta murrizketa gehiago daudelako eta zerbitzuak gutxitzen ari direlako. Ziurgabetasun horrek etorkizunerako asmoak zehaztea zailtzen du enpresentzat, eta, beraz, ezin dute ez planik ez estrategiarik bideratu. Hori gutxi balitz, langabezia tasa oraindik gainerako langabeena baino handiagoa da: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %50 baino gehiago lanik gabe daude, eta langabezia tasa %30 inguruan dago —ia %50ean buruko gaixotasunen bat dutenen artean—.
Urte hasierako datuen arabera, ezintasunen bat duten 8.500 lagun daude langabezian Hego Euskal Herrian. Horiek gizarteratzeko eta lan aukerak sortzeko lanetan aritzen dira enpresa babestuko elkarteak. Badira taldeak, baita hainbat talde biltzen dituzten erakundeak ere. EHLABEn, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enplegu babestuaren %90 biltzen da. Elkarteko enpresetan guztira 5.633 langile ari ziren beharrean iazko urte amaieran, eta zazpi elkarte biltzen ditu: Gureak Taldea, Indesa, Katea Legaia, RAEP, Bidaideak, Ranzari eta Usoa.
«Hobera joan beharrean, okerrera egin du egoerak. Eta horrek lan eskaera nabarmen igotzea ekarri du », dio Moratallak. Eskari horren aurrean, ordea, elkarteek ezin izan dute eskaintzarik egin. Bizkaiko Lantegi Batuak elkartean, esaterako, 2010. urtearekin alderatuta %20 hazi zen iaz lana egiteko eskaera kopurua. Eskariak gora, baina lanpostuak eskaintzeko aukerarik ez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bezala, Nafarroan ere egoera ez da samurra. Acemna Nafarroako Enplegu Zentroen Elkarteak guztira 1.091 langile ditu egun, eta azken urteetan kopuruak gora egin badu ere, hari ere kosta egiten ari zaio eskariari aurre egitea. Hainbat enpresa biltzen ditu elkarteak: Bidean Fundazioa, Elkarkide, Fevimax, Gupost, Nasermo, Tasubinsa, DYA eta Amimet.
Emaitza positiboak iaz
Krisiak egokitzapenak egitera behartu baditu ere, lan baldintzak ez dira aldatu enplegu babestuko enpresetako langileentzat. Lehentasunezkotzat jotzen dute horiek mantentzea, eta ezinbestekotzat enpleguari eustea. Iazko emaitzei begiratuta, gainera, pozik dira elkarteetako ordezkariak. Gureak Taldearen datuek sendo dagoela erakusten dute. 30 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan lanean, eta, azken urteetan egin bezala, iaz ere dibertsifikazioaren aldeko apustuari eutsi zion. Horri esker, taldeak 5,7 milioi euro irabazi zituen, 230 lanpostu sortu zituen, eta 4.286 langile izatera heldu da —horietatik %85ek dute ezintasunen bat—. Gainera, Gureak-en aritutako 200 lagunek beste enpresa batean lanean hastea lortu zuten iaz. Hori lortzea, ordea, ez da batere erraza izan. «Beharrezkoa da jendea sentsibilizatzea, enpresekin lankidetzan aritzea, lanposturako pertsona egokia aukeratzea, prestakuntza jasotzea…», esan du Ainhoa Askasibar Giza Baliabideetako zuzendariak.
Lantegi Batuak elkarteak, berriz, enplegua sortzea lortu zuen iaz, aurreko urteetan ez bezala. «Gure apustua beti da lanaren alde egitea, emaitzaren gainetik», adierazi du Txema Franco Lantegi Batuak elkarteko presidenteak. 2009. eta 2010. urteetan ez zuten lanposturik sortu, krisiaren eraginez, baina iaz sortutako 126 lanpostuekin pozik daude. Lantegi Batuak da Bizkaian enplegu babestuan lan egiten duen enpresa handiena —iaz, 2.700 langile izan zituzten—. Elkarteak 22 zentro ditu, baina, horietan ez ezik, zerbitzuen arloan aritzen diren bestelako guneetan ere lan egiten dute: lorezaintzan, gasolindegietan… Iaz, gainera, Lantegi Batuak-en lanean ari ziren 23 lagunek lana topatu zuten beste lantoki batean. Emaitza onak lortu arren, egoeraren gogortasunaz mintzo da Franco: «Krisia bereziki latza izaten ari da lana topatzeko zailtasun gehien dutenentzat».
Mugikortasuna, alde
Sektoreei dagokienez, industria arloan eta zerbitzuetan (garbitzaile lanetan, publizitate zuzenean…) lan egiten dute gehienek enplegu babestuko enpresen bidez. 70eko eta 80ko hamarkadetan industria arloan aritzen ziren lanean Hego Euskal Herrian, baina urteek aurrera egin ahala eta urritasun maila ezberdinak dituzten lagunei lana emateko helburuarekin, dibertsifikazioa heldu zen, bereziki zerbitzuetan. Zerbitzuen barruan, gaur egun publizitate zuzena jo du krisiak gogorren, Lantegi Batuak elkarteko langileentzat behinik behin. «Eredua aldatzen ari da, gero eta paper gutxiago erabiltzen da, eta publizitatean egiten den inbertsioa txikiagoa da», azaldu du. Dena den, talde handia izateak abantaila dakar egoera horretan. Zergatik? «Malgutasuna eta mugikortasuna ditugulako. Publizitatea gaizki doala? Beste sektore batera bidera ditzakegu langileak, baldintza beretan».
Zailtasunak zailtasun, Acemnako koordinatzaile Ana Rosa Jimenezek enplegu babestuko enpresen lehiakortasuna azpimarratu du: «Gure elkartean dauden enpresa askok 20-25 urte daramatzate gainerako enpresekin lehiatzen, eta hori kalitatearen isla ere bada».
Askotarikoak dira instituzioek abiatzen dituzten enplegu babestua sustatzeko programak. EHLABEko enpresek, esaterako, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen dute laguntza handiena —80ko hamarkadatik iazko urtarrilera arte INEMek kudeatu zuen hori—. Urteko aurrekontuetan 43 milioi euro zehaztu zituzten enplegu babestua sustatzeko, baina murrizketak direla medio, 33 milioi euro inguru izan dira azkenean. Beraz, Lanbideren asmoa horiei eustea izan bada ere, finantza egoera «larriak» murrizketak egitera behartu dituela dio Moratallak. «Guk beti hitz egiten dugu inbertsioaz, eta inoiz ez finantzaketaz. Sortutako lana etekina da udalentzat, aldundientzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat», azaldu du.
Krisiak dakartzan zailtasunei aurre egiten ez ezik, finantzaketa lortzeko borrokan ere ari dira Lantegi Batuak elkartean, oraindik ez baitiete eman aurtengo dagokien diru kopuru guztia. Txema Franco presidenteak azaldu duenez, aurrekontuetan enplegu babestua laguntzeko diru kopuru bat zehaztu zen, eta onartuta egon arren, ez da oraindik gauzatu. Trabatuta dago, ez dagoelako hori arautzeko legedirik. «Pozik geunden jasoko genuen diru kopuruarekin, baina errealitatea ez da uste genuen bezalakoa. Falta den hori ezar dezaten bizkortzeko ahaleginak egiten ari gara». Diru sarreren %70 salmentetatik lortzen ditu Lantegi Batuak-ek; beste %30, berriz, diru laguntzetatik. Azken horiek Bizkaiko Foru Aldunditik eta Lanbidetik jasotzen ditu.
Iñaki Alkorta Gureak Taldeko presidenteak oso garrantzitsua deritzo gizarte ekonomiako enpresek zailtasun gehien dutenen alde egindako lanari. «Pertsona horiek, enpresa horien babesik gabe, gainditu ezineko oztopoak aurkituko lituzkete merkatuan. Euren alde egiten dugu guk, banakako planifikazioan oinarritzen gara, eta merkaturatzeko behar duten prestakuntza eta laguntza eskaintzen diegu». Gureak Taldeak gizarteari egiten dion ekarpena «jasotzen duenaren hirukoitza» dela uste du Askasibar Giza Baliabideetako zuzendariak, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen, gizarte harremanak lantzen eta autonomoagoak izaten laguntzen jarduten dutelako.
Eredu berrien bila
Nafarroan 1982tik abian dagoen LISMI legeak baldintzatzen du Acemnako enpresen jarduna. Horren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek nahitaezkoa dute lanpostuen %2 ezintasunen bat dutenentzat gordetzea. Aurrerantzean, horren aldeko apustuari eutsi nahi diote Acemnan: «Gainerako enpresentzat ispilu izan dadin nahi dugu, haiek ere eredua har dezaten», dio Jimenezek.
Errealitatea ikusita, lortu dutena ez galtzearekin konformatzen dira enplegu babestuko enpresen ordezkariak. Enplegua mantentzearekin batera, autofinantzaketa ahalik eta handiena izatea ere nahi du EHLABEk. «Oparoaldietan ez dugu hazkunde ikusgarririk izan, eta krisi garaietan ez dugu hondamenezko emaitzarik izan. Gure helburuak aurrerantzean ere hazkunde iraunkorra izan behar du», esan du Moratallak. Gureak Taldeak ere 2012a iazkoa baino okerragoa izango dela uste du; krisiaren hasierakoa baino hobea bai, ordea. Harekin bat dator Lantegi Batuak: «Gure erronka gaudenean mantentzea da. Gu konforme geundeke lanposturik sortuko ez bagenu eta horiek ez suntsitzea lortuko bagenu».
Helburu horietara heltzeko, bide berrien bila ari dira enpresak. Lantegi Batuak-ek, adibidez, sektore berri baterako apustua indartu du: turismoa. Horren adibide dira apiril hasieran martxan jarri zuten BBKBilbaoGoodHostel aterpea eta Kobetamendiko autokarabanen aparkalekuko egitasmoa. Bi horien artean hemezortzi lanpostu sortu dituzte.
Gureak Taldeak ere hedapenaren alde egin zuen iaz, taldea Nafarroara eta Arabara zabalduz. Lehenagotik ere Gureak Taldeak jarduera batzuk burutzen zituen bi lurralde horietan, baina iaz Gureak Nafarroa eta Gureak Araba izenekin jarri zuen jarduera martxan. Nafarroan, 163 langile daude; Araban, berriz, 53. Euskal Herrian ez ezik, munduko hemezortzi herrialdetako enpresekin elkarlanean ari da Gureak, hala nola AEBetan, Singapurren, Indian eta Txinan.
Acemnan ere zerbitzu berrieiateak zabaltzen ari dira: ibilgailuen tailerra eta nekazaritza ekologikoa dira euren azken apustuak.
Krisiaren eragina. Enplegu babestua
Larrialdiko geldialdian
Krisiari aurre egiteko ahaleginean ari dira enplegu babestuko enpresak. Elbarrientzako enplegua sortzea dute helburu; hala ere, egoerak behartuta, geldialdi botoia sakatu beharrean daude: lanposturik ez galtzea arrakastatsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu