Dozenaka langile joan dira Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza aurretik Movistarrek Buenos Aires kalean duen dendara, Telefonicak larrugorritan utzi eta esklabo egiten gaitu, CCOOk eta UGTk traizio egiten digute zioen pankarta baten atzetik, biluzik haietako batzuk.
Hilabetetik gora daramate greban Movistarrek instalazio eta mantentze lanetarako kontratatu eta azpikontratatutako langileek. Urtez urte lan baldintza okerragoak dituztela diote. Telefonicak ezarritako azken kontratua maiatzaren 1etik dago indarrean. Langileek salatu dute kontratu berriarekin hamar-hamabi orduko lanaldiak izango dituztela, oporrik gabe eta, «onenean ere», 800 euroko soldatak jasoko dituztela.
Gainera, salatu dute kontratek eta azpikontratek "autonomo faltsu" egitera behartzen dituztela langile asko. Horren ondorioz, langileek lan tresnak, autoa eta gizarte segurantza ordaindu behar dituzte euren poltsikotik.
Gaurko protestan, CCOOk eta UGTk enpresarekin atzo adostutako hitzarmena gaitzetsi dute beharginek, eta euren lan baldintzak Movistarreko langile finkoenekin parekatzeko eskatu dute.