Latxa Esnea kooperatibak bi kontratu sinatu ditu, bata Asteasuko (Gipuzkoa) Goine gaztandegiarekin eta bestea Basaburuko (Nafarroa) Dorrea gaztandegiarekin. Kooperatibari urtean 200.000 litro esne erosiko dizkiete bi enpresa horiek, ekoizpen guztiaren erdia baino gutxixeago. Mariano Imaz kooperatibako presidente eta artzainak pozarren eman zuen kontratuen berri, atzo, Zaldibian (Gipuzkoa), elkartea aurkezteko agerraldian. «Kontratu horiek esnearen salmenta prezioak eta ordainketarako epeak finkatzeko aukera eman digute, eta hori sekulako aurrerapena da, sektore honetan ez baita batere ohikoa». Orain arte, esnea hartzean, industriak ez zien esaten litroaren truke zenbat ordainduko zien, ezta noiz ordainduko zien ere.
Hain zuzen, industriekin arazoak zituztelako erabaki zuten zenbait artzainek kooperatiba bat sortzea, 2010aren bukaeran. Batuta indar handiagoa izango zutela uste zuten, industriari presio handiagoa egin ahal izango zietela. Eta, oraingoz, oso gustura daude lortu dituzten emaitzekin. Gaur, latxa esnea ekoizten duten Hego Euskal Herriko 30 bat artzainek osatzen dute kooperatiba, eta, guztira, urtean 500.000 litro inguru ekoizten dituzte. Helburua, baina, milioi bat litro kudeatzea da, «horrek bideragarriago egingo lukeelako proiektua», Imazen esanetan.
Industriarekin kontratuak negoziatzeaz gain, artzainei beste arazo batzuk konpontzeko laguntza aholkularitza ere ematen die kooperatibak. Orain, esaterako, buru-belarri ari dira Q kalitate ikurraren araudi berrira egokitu nahian, aurki sartuko baita indarrean.
Horrez gain, beste zenbait proiektu ere badituzte buruan; esnekiak ekoiztea, esaterako.
Latxa Esnea kooperatibak kontratuak egin ditu Goine eta Dorrea gaztandegiekin
Hegoaldeko 30 artzain biltzen ditu elkarteak; milioi erdi litro ekoizten dituzte, eta halako bi ere ekoitzi nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu