Lau behargin hil dira egun bakarrean, Bizkaian izandako bi istriputan

Bizkaibuseko gidari bat eta kamioilari bat zendu dira Galdakaon, bi ibilgailuek aurrez aurre jota. Loiun furgoneta batean hilik topatu dituzte bi langile, deskantsuan zeudela berogailuak intoxikatuta

Kamioiko gidariaren kabina txikituta geratu zen Bizkaibusaren kontrako talkaren eraginez, atzo, Galdakaon. LUIS TEJIDO / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Egun beltza izan zen atzokoa. Egun bakarrean, bi istriputan, lau langile hil ziren Bizkaian. Lehen ezbeharra goizeko seiak aldera gertatu zen, Galdakaon: N-240 errepidean elkar jo zuten bortizki Bizkaibus autobus batek eta kamioi batek. Autobusa hutsik zihoan, oraindik eguneko lehenengo zerbitzua hasi barik, eta bi gidariak hil ziren. Beste istripua, berriz, arratsalde hasieran gertatu zen, Loiun: bi behargin hilik aurkitu zituzten furgoneta baten barruan, Elotxelerri auzoan.

Goizeko istripuan hildako autobus gidaria 31 urteko gizonezko bilbotarra zen. Kamioi gidariak, bestalde, 41 urte zituen, eta Valle de Menakoa zen (Burgos, Espainia). Bi ibilgailuek aurrez aurre jo zuten elkar, eta talka oso gogorra izan zen: bi gidariak ibilgailu barruan preso gelditu ziren, eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten. Behin ibilgailutik kanpo, osasun zerbitzuek bien heriotza berretsi zuten.

Istripua gertatu zenean, baldintza meteorologikoak txarrak ziren, euria ari baitzuen. UGTko afiliatua zen autobus gidaria, eta sindikatuak azaldu du kamioiak artaziarena egin zuela, eta kontrako norabideko errailean sartu zela, Bizkaibusaren bidean. Bi ibilgailuen kabinek bekoz beko jo zuten elkar.

Sindikatuek berehala salatu dituzte lan heriotzak, eta gogora ekarri dute urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian zortzipertsona hil direla lanean ari zela, eta horietatik lau garraiolariak zirela.

Autobusa Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaibus A3632 lineakoa zen, Pesalur enpresakoa, Bilbo-Etxebarri-Basauri-San Miguel (Begoña) zerbitzua eskaintzen zuena. Pesalurreko langileak lur jota daude istripuaren ostean, UGTk azaldu duenez, eta, enpresako langile batzordeak deituta, lan istripuaren kontrako kontzentrazioa egingo dute gaur, 10:30ean Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean, Bilboko Kale Nagusian.

ELAk eta LABek gogora ekarri dute garraiolarien sektorean lan baldintza prekarioak dauzkatela , lanaldi luzeak egiten dituztela, eta lan zama gero eta handiagoa dela. Era berean, sindikatuek azpimarratu dute, lan erritmo handiagoagatik, sarri beharginek abiadura handia hartu behar izaten dutela. Gainera, LABek kritikatu du ez direla estatistika ofizialetan kontuan hartzen garraiolariek lanaldian izandako istripuak. Eta horrek ondorio zuzena dauka, sindikatuaren aburuz: «Lan istripu horiek ez dira ikertzen, eta ez dira ezartzen beharrezkoak diren neurri prebentiboak».

Ikerketa, Osalanen esku

Bestalde, Loiuko ezbeharraren ikerketa Osalanen esku utzi du Ertzaintzak, lan istriputzat jo baitu. 33 eta 32 urteko bi atzerritar ziren, eta azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuten lan.

Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, deskantsuan zeuden biak enpresako furgonetan, eta argindar sorgailu bat zeukaten ibilgailura konektatuta. Lehen hipotesiaren arabera, lo gelditu ziren berogailua piztuta zeukatela, eta intoxikatu egin ziren berogailuak isuritako gasarekin.

Herritar batek aurkitu zituen furgonetan bertan 15:30 aldera, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen abisua emateko: ailegatu zirenerako, ordea, hilda zeuden bi langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.