Datu txarrak bata bestearen atzetik iristen ari dira: Hego Euskal Herrian 14.900 lanpostu galdu ziren iazko azken hiruhilekoan; hirugarren hiruhilekoan baino 10.700 langabe gehiago daude; duela urtebete baino 25.400 gehiago; eta langabezia tasa %13tik gertu dago. INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo eman zituen populazio aktiboari buruzko datuak. Datu orokor horietatik haratago, herritar askoren errealitate gordina dago: lau langabetik batek bi urte edo gehiago daramatza lan bila, hau da, jada ez daukate langabezia saririk. Eta egoera kaskarra da: urtea gordina izango da ekonomiarentzat, lehen sei hilabeteetan behintzat; enpleguarentzat 2012 osoa eta 2013aren zati bat, gutxienez.
INEk iazko hirugarren hiruhilekoko datuak eman zituenean esan zuen langabezia igotzeaz gain, okupazioa ere igo zela. Laugarren hiruhilekoan ez.
Datuek baieztatu egin dute iazko urtearen bigarren erditik ikusitakoa: ekonomiaren egoera okertu egin dela eta langabeziaren igoera ez dela moteldu. Azterketa gehienek ez dute espero aurten enplegua sortuko denik. Asko jota, langabeziaren igoera apalagoa izango da.
Ohi bezala, INEren eta Eustaten datuak —biek inkesten bidez lortzen dituzte— oso ezberdinak dira. Eustatek iragan astean emandako datuak INErenak baino gordinagoak dira. Eustaten arabera, iazko azkeneko hiruhilekoan 9.900 lanpostu galdu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, INEk esandakoak baino 3.300 gehiago. Horrez gain, Eustatek esan zuen hirugarren hiruhilekoan baino 5.500 langabe gehiago zeudela; INEk dio langabeen igoera 4.200ekoa dela.
%14,4ko tasa Bizkaian
Hala ere, langabezia tasari dagokionez, Eustaten datuak hobeak dira INErenak baino, Arabaren eta Gipuzkoaren kasuan batez ere. INEk dio Arabak eta Gipuzkoak %7,3ko eta %8ko langabezia tasak dituztela, hurrenez hurren; Eustatek, aldiz, %10,97koa eta %10,44koa. Bi edo hiru puntuko aldea dago. Bizkaian langabezia tasa %14,4ra iritsi da, eta Nafarroa %14koaren atarian dago.
Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuetan, 2008aren amaiera arte emakume gehiago zeuden langabezian gizonak baino. 2008aren bukaeratik joera aldatu egin zen eta gizon langabeak gehiago izan dira emakumeak baino. Azken hiruhilekoetan kopuruak gero eta parekatuago egon dira, eta iazko azken hiruhilekoan emakume langabeak gehiago izan ziren gizonak baino: 88.400 emakume eta 87.500 gizon. Hala ere, emakumeen langabezia tasak gizonena baino handiagoa izaten jarraitzen du lurralde guztietan, Gipuzkoan batez ere: gizonena %8,74koa da eta emakumeena %12,40koa.
Gero eta langabe gehiago daude inolako diru sarrerarik gabe, eta gero eta familia gehiagok dituzte kide guztiak langabezian. INEren inkestak dio Hego Euskal Herriko lau langabetik batek (%26,7) bi urte edo bi urte baino gehiago daramatzala lan bila. 2010eko urte amaieran bost langabetik bat baino gutxiago ziren (%17,5).
Bi urtekoei urtebetetik gora daramatenak gehituz gero, bi langabetik bat zen iazko laugarren hiruhilekoan (%53); 2010ekoan, berriz, bost langabetik bi (%43,4).
Datuak sektoreka aztertuta, iazko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera lanpostu asko galdu dira industrian, 4.100 Bizkaian eta 3.500 Gipuzkoan; Nafarroan eta Araban, berriz, lanpostuak sortu dituzte, 3.100 eta 800, hurrenez hurren.
Krisiak eragin nabarmena izan du eraikuntzan. Etxeen eraikuntza moteldu egin da eta Administrazioak murriztu egin du obra publikoa. Hala ere, eraikuntzan duela urtebete baino langile gehiago ari dira, INEren datuen arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere: Bizkaian 4.700 gehiago eta Gipuzkoan 3.700 gehiago.
Lau langabetik batek bi urte baino gehiago daramatza lan bila
Hego Euskal Herrian 14.900 lanpostu galdu ziren iazko urte amaieran, eta 10.700 langabe gehiago daude, INEren araberaHanditzen ari da langabezia saria amaitu zaienen edo amaitzear dutenen kopurua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu