Hiru minutuko atzerapenarekin, Euskal Herrian 20:18an, Erreserba Federalak (Fed) erabaki zuen Estatu Batuetako interes tasak %1etik %1,25era igoko dituela. Banku zentrala osatzen duten hamabi gobernadoreak bi egunez egon dira bilduta eta atzo aho batez hartu zuten neurria, baina ez du inor ezustean harrapatu, 25 puntuko igoera aurreikusten baitzuten ekonomista gehienek.
Diruaren prezioak 371 egun egin ditu %1ean, azken 40 urteetako mailarik apalenean. Lau urte geroago, diruaren prezioa garestitzea erabaki du Fedek, eta mugarri bat ezarri du. Erreserba Federalak egoera ekonomikora egokitzeko diru politikaren norabidea aldatu zuen atzo, eta, aurreikuspen guztien arabera, lehen pausoa baino ez da. Etorkizunean igoera gehiago etorriko dira. «Erabaki hau hartuta ere, ErreserbaFederalak uste du diru politika erosoa dela oraindik eta, produktibitatearen hazkuntza sendoarekin batera, jarduera ekonomikoari eusten laguntzen du», esan zuen, hain zuzen, banku zentralak bilera osteko agirian.
Erreserba Federalak uneotan hazkunde iraunkorrari eusteko helburua du, betiere prezioen egonkortasuna kolokan jarri gabe. Hala, bien arteko «barne eta kanpoko arriskuak» datozen hilabeteetarako orekatuak daudela deritzo, eta horrek bide ematen dio diru politika «neurrian» egokitzeko. Mezuak ez zuen irakurketa okerrik edo ezusterako zirrikiturik utzi: «Zehazki, izan behar zuen bezalakoaizan da», adierazi zuen John RobertsBarclays Capitaleko New Yorkeko zuzendariak. «Euren buruei erabakiak hartzeko malgutasuna eman diete eta argi utzi dute behar dena egingo dutela prezioen egonkortasuna mantentzeko». Estatu Batuetako enpresa handiek ez dute begi txarrez hartu erabakia: «Feden mugimenduak ez digu bihotzerrerik sortuko. Ikusi nahi dugun azkeneko kontua irakiten jartzen den ekonomia bat da», adierazi zion General Motors taldeko zuzendariak Bloomberg berri agentziari.Wall Streeten ere irrikaz zeuden erabakiaren zain. Europako indizeek ordurako itxita zituzten ateak. %0,25eko igoera mundu guztiak aurreikusita zuen; aldiz, puntu erdiko igoerak eragin zezakeen akzioen salmenta orokorra, baina Erreserba Federalaren mezuak lasaitasuna ekarri zuen. Diru politikaren norabidea «neurrian» aldatuko duela iragarri eta gero, 60 puntuko igoera izan zuen Dow Jonesek, enpresarik handienek kotizatzen duten indizeak.Bestetik, gaur bilduko da Frankfurten Europako Banku Zentraleko gobernu kontseilua, baina ez da espero Erreserba Federalaren erabaki bera hartuko duenik. Egun, Eurogunean tasak %2an daude eta ekonomia ere AEBetakoa baino motelago hazten ari da. Haatik, atzoko erabakiak emango du zeresanik, bilera osteko prentsaurrekoan.
Lau urte geroago, Fedek %0,25 igo ditu interes tasak
Erreserba Federalak Estatu Batuetako diru politika aldatu du eta etorkizunean «neurrian» igotzen jarraituko duela iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu