Euskal Herriaren eta Indiaren artean banatuak izanen dira Lauak enpresaren partizipazioak oraindik goiti. Xarriton familiak iragarri du aeronautika enpresaren partizipazioen %51 India hegoaldeko Bangalore hiriko Wipro taldearen esku utzi dituela, arlo digitalean espezializatua den enpresa baten esku. Horiek horrela, indiarrek izanen dute gehiengoa enpresaren kudeaketan.
Ici Euskal Herri irratiaren arabera, zuzendaritzak «taldearen egonkortasuna bermatu» nahi du, eta etorkizunean «garatzeko» baliabideak lortu. Hedabide horrek zabaldu duenez, datorren astean komunikatuko dute erabakia ofizialki.
Langileei jada iragarri diete berria, gutun bidez. Azaldu dute gaur egungo egoerak ez diela aukerarik ematen «diren beharren araberako inbestimenduak egiteko», teknologia berrien arloan, adibidez. Horregatik, beraz, Indiako taldearen aldeko parioa egin dute, «nazioarteko lehian egoteko». Lauak taldearen «zorra» ere aipatu dute, eta adierazi dute espero dutela partizipazioak banatu izanak modua emanen duela kontuen orekatzeko.
Lau haizeetara
Mikel Xarriton zuzendari nagusiak langileei ziurtatu omen die erabakiak ez duela ondoriorik izanen taldeko langileentzat. Lan baldintzek eta konbentzio kolektiboek berdin egon behar lukete, eta Xarriton bera ere zuzendari lanetan egonen da datozen urteetan. Halere, aitortu du «aldi baten amaierara» heldu direla.
Ez da lehen aldia Lauak taldea zabaltzen dela: bostehun bat langile ditu Euskal Herrian, Hazparneko (Lapurdi) eta Aiherrako (Nafarroa Beherea) lantegien artean banatuak; baina, horietaz gain, beste 2.000 langile ere baditu munduan gaindi. Ekoizpen guneak badituzte Kanadan, Mexikon, Portugalen eta Indian, Bangalore hirian; izan ere, han da Wipro talde eroslearen enpresa ere.
Lauak taldeak Wiproren beharra duen bezala, Wiprori ere baliagarria izanen zaio transakzioa: bere «aeronautika saila garatzen ahalko du», hain zuzen.
Lauak-ek Airbus enpresari banatzen dizkio piezak nagusiki, eta Airbus enpresak hegazkinak eraikitzen ditu, armamenturako ere bai. Hala, Lauak-i kritika biziak egin dizkiote hilabeteotan, Israelgo estatua hornitzea eta hala «gerlarekin negozioa» egitea leporatuta.