Lauak taldeak 156 langile kaleratuko ditu Aiherran eta Hazparnen (Lapurdi) dituen lantegietatik; guztira, 528 ditu han. Beharginek ostiralean izan zuten erabakiaren berri, eta lehen kaleratzeak 2020ko azaroan izango dira.
Hegazkinentzako piezak ekoizten ditu enpresak. Lapurdin du egoitza, eta lantegiak ditu Okzitanian, Portugalen, Mexikon, Kanadan eta Indian.
Sektore aeronautikoaren «egoera ekonomiko kritikoa» argudiatu du enpresak erabakia hartzeko. Lan eskaerak %40 jaitsi direla azpimarratu du, eta luze gabe ez dirudi egoera hobetuko denik: urteko azken hilabeteetarako eskariak %50 jaitsiko direla aurreikusi dute. COVID-19ak krisiak guztiz lehortu du hegazkinen eskaria, eta arriskuan jarri du sektore osoa, Airbus erraldoia barne.
Airbus da, hain justu, Lauak taldearen bezero nagusietako bat: hari saldutako piezetatik eskuratzen ditu bere irabazien %60. Berdin Ipar Euskal Herriko beste enpresa batzuentzat. Dassaultek Lapurdiko lantegi handiena du Miarritze eta Angelu artean, 900 langilekoa, eta Zuberoan, berriz, Elkar ingeniaritza enpresaren jarduera nagusia da aeronautika.
Krisia hasi zenetik ez du aldi baterako langilerik kontratatu Lauak-ek, eta, orain, kaleratzeak ez ditu Euskal Herrian soilik egingo: Okzitanian dituen bi lantegietan 93 langile kaleratuko ditu, Isle-Jourdanen eta 33 Saint-Germen, 60. Enpresak argi utzi du kaleratutako langileei ezin diela lanposturen bat eman bere beste lantegietan.
Frantziako Gobernuak 15.000 milioi jarriko ditu industria aeronautikoa salbatzeko.
Hego Euskal Herrian ere kaleratzeak iragarri dituzte sektoreko enpresek: Arabako Aernnovak eta Bizkaiko ITP Aerok.