Frantziak 15.000 milioi jarriko ditu industria aeronautikoa salbatzeko

Le Maire ministroak kalkulatu du sektoreak 100.000 enplegu gal ditzakeela hurrengo hilabeteetan. Aeronautikak indar handia du Lapurdin, Araban, eta Bizkaian, eta eskarien gutxitzea jasaten ari da

Ekoizpena heren bat txikitu du Airbusek, eskarira egokitzeko. ANDY RAIN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hegazkin gehienak aireportuetan aparkatuta ikusteak urduri jarri du Frantziako Gobernua. Air Franceren geroak kezkatzen du, munduko hegazkin konpainia guztien moduan dirutza galtzen ari delako eta ez duelako hobera egingo COVID-19ak zirkulatzen jarraitzen duen bitartean. Baina Parisek badu beste kezka bat, hura bezain handia: industria aeronautikoa. Hegazkinen eskaria lehortu egin da guztiz, eta arriskuan jarri du sektore osoa, Airbus erraldoia barne. Ehun mila lanpostu inguru kolokan daudela onartu du Bruno Le Maire Ekonomia ministroak. «Estatuak ez badu berehala esku hartzen, sektoreko hiru enplegutik bat desager daiteke», ohartarazi du, eta 15.000 milioi euroko plan bat jarri du mahai gainean.

Kopuru horretan agertzen da Parisek jada iragarritako 7.000 milioi euroko laguntza bat Air France-KLMrentzat: 3.000 milioiko mailegu bat emango dio estatuak, eta bermatu egingo du bankuen 4.000 milioiren kreditua. Trukean, Air France-KLMri eskatuko dio kutsadura gutxitzeko ahalegin bat egiteko, «eta ingurumena gehien errespetatzen duen aire konpainia bilakatzea».

Beste 300 milioi euro izango dira hornidura katea berritzeko, eta 500 milioi enpresa txikiak eta ertainak indartzeko. Azken funts horretan parte hartzea onartu dute sektoreko enpresa handienek —Airbus, Safran, Dassault eta Thales—. «Beharrezkoa balitz», funtsak enpresa batzuen akzioak erosiko ditu.

Hegazkin garbiagoak

Diruaren zati bat, 1.500 milioi, hegazkin garbiagoak lortzeko ikerketarako joango dira. «Sektoreak eraldaketa teknologikoa bizkortu beharko du, zero karbonoaren abiazioaren munduko liderra izateko», Elisabeth Borne Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez. Zehaztu duenez, Airbusen gehien saltzen den hegazkina (A320) ordezkatu behar duena garatzeko lanak hamar urtez azkartu nahi ditu laguntza horrekin. 2030erako nahi du Parisek erregai gutxi kontsumituko duen hegazkina, eta 2035erako, berriz, hidrogenoak mugitutako bat.

Gainera, armadarentzat eta jendarmeriarentzat helikoptero batzuen erosketa aurreratu du Frantziako Gobernuak.

Gainontzeko dirua osatuko dute esportaziorako kredituak itzultzeko epea urtebetez atzeratzea, eta sektoreko enpresek langabezia partziala baliatzeko laguntzak.

Oinarrizko sektorea

Aeronautika Frantziako industriaren ikurretako bat da, azken hamarkadetako desindustrializazio prozesuari ongien eutsi dion sektore bakarrenetako bat izan delako. 1.300 enpresa daude sektorean, eta 300.000 enplegu zuzen, balio teknologiko handikoak gainera. Aeronautika da, gaur egun, Frantziako esportazioen osagai nagusia, 34.000 milioiren soberakinak ekartzen ditu merkataritza balantzari.

Euskal Herrian ere funtsezko sektorea da. Dassaultek Lapurdiko lantegi handiena du Miarritze eta Angelu artean, 900 langilekoa. Zuberoan, berriz, Elkar ingeniaritza enpresaren jarduera nagusia da aeronautika. Hego Euskal Herrian ere azken hamar- kadetan garrantzi handia hartu duen sektorea da, Araban eta Bizkaian nagusiki. Aernnova, ITP Aero, Aratz, Alestis, Sener, Aciturri eta beste 50 talde biltzen dituen Hegan klusterreko enpresek 5.000 langile dituzte Euskal Herrian, eta 10.000 beste leku batzuetan. Apirilean ohartarazi zuenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean.

Airbus da haien bezero nagusietako bat, eta heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko. Iaz munduan hegazkin handi gehien egin eta saldu zituen konpainia da Airbus, berriro aurrea hartu ziolako Boeing lehiakideari. Baina Airbus ez da erraz kudea daitekeen enpresa bat. Okzitaniako Tolosan du egoitza nagusia, baina Frantziako, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Espainiako konpainiak batuz sortutako konpainia da, eta hainbat nagusiren interesak zaindu behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.