Finantza publikoak

Laukoak ez du inbertsioen legea atzeratuko

Sozialistek eskatu diote astebete atzeratzea eztabaida inbertsioak "juridikoki bermatu arte", baina "ausardiaz" pauso bat aurrera jo behar dela ihardetsi du Geroa Baik.

Arantxa Izurdiaga, Koldo Amezketa eta Adolfo Araiz, Parlamentuan, apirilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2018ko urriaren 1a
22:41
Entzun

Espero bezala, ostegunean eztabaidatuko da 113 milioi euroko inbertsioen lege proposamena. Nahiz eta Espainiako Gobernuaren baimena lortu ez duen, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Bai-k eta Ezkerrak aurrera jotzea erabaki dute. PSNk lege proposamenaren inguruko txosten juridikoa eskatu du eta, ondorioz, eztabaida atzeratu nahi izan du: "Inbertsio horien alde gaude, baina erabateko bermearekin".

Gaur goizean, astelehenero legez, Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea bildu da, eta bertan gobernua sostengatzen duten lau alderdiek erabaki dute PSNren eskaria atzera botatzea. "Espero dugu Espainiako Gobernuak egoera aitortuko duela", aipatu du Geroa Baiko Koldo Martinezek. "Aurrerapausoak eman ditugu ausart eta seguru, eta eskatzen dugu inbertsioei oniritzia emateko, Nafarroak Estatuko Aurrekontuen 116. xedapena bete duelako", gaineratu du.

EH Bilduren arabera, PSNk eskaera "denbora galtzeko trikimailua" zen. "Hamabost egun galduko lirateke, eta horrek esan nahiko luke obra asko ez liratekeela egingo". Horregatik, PSNri "koherentziaz" jokatzeko eskatu dio, urte hasieran inbertsio publikorako borondatea eskatu zuelako. Araiz ez dago ados lege proposamenak Madrilen baimena behar izatearekin. "Gure irudiko obra gehienek betetzen dute legearen irizpidea".

Uztailean onartu ziren Estatuko Aurrekontu Orokorrak Kongresuan, eta, bertan, 116. xedapenak administrazio publikoei iazko superabitetik dirua inbertsiora bideratzeko aukera aurreikusten zuen baldin eta inbetsioak iraunkorrak baziren eta baldintza batzuk betez gero. Ahal Dugu-Orain Bai taldeko Carlos Cousoren arabera, euren lege proposamenak betetzen du gastu-araua zein xedapen hori. "Epeetan estu goaz, baina ez da gure errua izan. Madrilgo gobernuan aldaketak egon dira, eta Pedro Sanchezen gobernua ere luzapenetan ibili da".

Ezkerrako Marisa de Simonen arabera, egoera hori PSNren indefinizioaren emaitza da: "PSNk erabaki beharra dauka inbertsio plan hau babesten duen edo ez. Gainerakoa bazterrak nahastea eta bidean oztopoak jartzea besterik ez da", arrapostu du.

PP eta UPNren kritikak

Legealdi amaieran Nafarroako Gobernuak 113 milioi euro inbertsiora zuzentzea gai deserosoa da UPNrentzat. Inbertsioak ontzat jo arren, PSNren eskaera aintzat hartu du, eta argudiatu du eztabaida atzeratu egin beharko litzatekeela. "Zergatik ez dute atzeratu nahi? Zer diote beldurra? Hemen soka tenkatu nahi dute, eta Espainiako Gobernuarekin gatazka bilatu", arrazoitu du Jose Javier Esparzak. Bere ustez, Espainiako Gobernuak zehaztu du inbertsio batzuk ez dutela irizpideak betetzen eta ez direla iraunkorrak. "Kea saltzen ari dira, ezin daitezke gauzak okerrago egin".

Ildo beretik jo du PPk, eta lege proposamena bozkatu aurretik, berme juridikoa izateko eskatu du Javier Garcia parlamentariak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.