Denboraz estu dabiltza. Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerra) iazko 215 milioi euroren superabitetik 113 milioi inbertsiorako zuzentzeko lege proposamena aurkeztu zuten iragan ostegunean. Asmoa da tramitazioa azkar egitea eta urriaren 4an onartzea. Legea onartuagatik, inbertsio guztiok esleitzeko epea murritza da, eta abenduaren 31rako egin beharko litzateke —inbertsioa datorren urtean egin badaiteke ere, aurten onartu beharra dago—. Azken zailtasun handi bat dago: Espainiako Gobernuak atzera bota dezake, baldin eta gastu-araua betetzen ez duela interpretatzen badu.
Diario de Noticias egunkariak gaur kaleratu duenez, Nafarroako Gobernuak hainbat aldiz erreklamatu dio Espainiako Gobernuari oniritzia emateko inbertsio horiei. Gaur bertan, Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak azaldu du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak Pedro Sanchez presidente izendatu ostean zoriontzeko dei egin ziola, eta gai hori atera ziola solasaldian. Gainera, berriki, Barkosek gutun bat igorri dio Sanchezi arazorik jar ez dezala eskatuz.
Oraingoz, Madrilgo gobernua eta Alderdi Sozialista isilik daude. Gaur, Maria Txibite PSNko parlamentaria zuhur mintzatu da, eta bitartekaritza horretan laguntzeko "prest" agertu da. Dena den, argi utzi du legea, eta ondorioz gastu araua, "bete egin behar" dela. "Ez dakigu Nafarroako Gobernuak Egonkortasun Legea bete ote duen edo kontabilitate irizpide kontu bat ote den". Txibitek espero du bi gobernuen arteko auzia "kontabilitate arazo" bat besterik ez izatea. Kexu agertu da Nafarroako Gobernuko inor berekin harremanetan jarri ez delako.
EH Bildu eta Geroa Baik gogorarazi diote urtarrilean Txibitek berak aipatu zuela "borondate politikoaren kontua" zela inbertsioak gauzatzea, eta hitz hori betetzea espero du. Martinezen esanetan, PSOEko zuzendaritza federaleko pertsona nabarmenekin —besteak beste, Santos Cerdan parlamentari ohiarekin— harremanetan jarri dira, baina Madrilek ez die erantzun oraindik. "Ematen du PSOEk ehun egunotan kezkatuago dagoela beste gauza batzuekin benetako politika egitearekin baino".
Bestalde, Adolfo Araizek eskatu du inbertsio horri oztoporik ez diezaiola inork jarri. "Badago inbertsio horiek egin ahal izatea bermatzen duen interpretazio juridiko eta politikoa, eta, horren arabera, ez da estatuaren baimen berezirik behar", argitu du.
Ezkerrako Jose Miguel Nuinek espero du PSOEren gobernuak ez dezala arazorik jarri. "Diru hori egon badago zerga erreforma bat egin delako eta hari esker Nafarroako Ogasunak diru gehiago duelako, eta Hitzarmen Ekonomikoari buruz negoziazio ona egin delako". Kontuan izan behar da, iaz 215 milioi euroko superabita izan zuela Nafarroan, batik bat aurreko bi urteetan estatuari ekarpen bidez ordaindutako dirua itzuli egin behar izan ziolako Madrilek behin bi gobernuek 2015-2019ko eperako ekarpenaren kalkulua zehaztu ostean.
UPNk eta PPk ondo ikusten dute inbertsiorako 113 milioi euro izatea, baina Jose Javier Esparzak "hauteskunde kutsua" dutela kritikatu du. Haren hitzetan, UPNk PPko gobernuarekin hitzartutako inbertsioak ere defenditu egin beharko lituzke Nafarroako Gobernuak, baina horri buruz ezer ez egitea aurpegiratu die egungo gobernuari zein PSNri. Eta Ana Beltranek zein Esparzak nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak, edozein kasutan, legea bete egin behar dutela. Beltranen ustez, legea ez litzateke aurkeztu behar Espainiako Gobernuaren onespena izan arte.