Arrantza

Legatzaren kuotetan murrizketa handia egitea proposatu du Bruselak

Hurrengo urterako harrapaketa kopuruen proposamena gaur egin du Europako Batzordeak, txosten zientifikoen emaitzei jarraikiz. Legatzarentzat, zapoarentzat eta oilarrarentzat murrizketa handiak nahi ditu.

Ondarroako ontzi bat, berdeletan. JON FERNANDEZ
Irune Lasa.
2017ko azaroaren 7a
17:44
Entzun

Urtero lez, Europako Batasuneko arrantza ministroek abenduko Kontseiluan negoziatuko eta finkatuko dituzte Ipar Itsasoari eta Atlantikoari dagozkien hurrengo urterako arrantza kuotak eta baita Batasuneko herrialdeen artean banatu ere. Hain zuzen, negoziazio horietarako oinarri izango diren datuak gaur aurkeztu ditu Europako Batzordeak. Txosten zientifikoak oinarri hartuta, arrantza eremu bakoitzean espezie bakoitzetik gehienez harrapatu daitezkeen tona kopuruak proposatu ditu.

Euskal arrantzaleentzako ez da albiste oso txukunik iritsi Bruselatik. Batzordeak legatzaren kuotak murriztu nahi ditu eta ez gutxi. Ipar  stockean —Sole Handian eta Bizkaiko Golkoan— legatzaren arrantza %19 apaltzea nahi du Bruselak; eta hego stockean, berriz, —Kantauri itsasoan eta Portugalgo uretan— are handiago litzateke murrizketa, %30ekoa. Legatza diru iturri garrantzitsua izaten da euskal arrantza flotarentzat.

Zapo gutxiago arrantzatzea ere proposatu du Europako Batzordeak. Ipar stockerako baimendutako kopurua %12 apalduko litzateke euskal ontzientzat. Bizkaiko Golkoan murrizketa txikiagoa litzateke, %2koa.

Oilarra da, Bruselaren ustetan, gehiago babestu behar den beste espezieetako bat, ipar stockean behintzat. Bizkaiko Golkoan eta Irlandako uretan %10ean apaldu nahi ditu harrapaketak eta %17ko murrizketa ikusten du Eskoziako uretarako. Aldiz, hegoaldeko uretan, oilar gehiago arrantzatzeko aukera ikusten du, Bizkaiko Golkorako eta Portugalgo kostarako kuota %20 handitzea proposatu baitu.

Antxoaren kuotei buruzko proposamenik ez du oraindik egin Bruselak, ez behintzat, Bizkaiko Golkoari eta Kantauri itsasoari dagokionean. Portugalgo eta Cadizko uretan %43ko murrizketa nahi du.

Txitxarroaren harrapaketetan, kuotak igotzeko aukera ikusten du Bruselak zenbait eremutan, hala nola,  Sole Handian, Bizkaiko Golkoan eta Kantauri itsasoan; horietan Harrapaketan %21 handitzea proposatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.