Ekonomia

Legazpiko CIEk erregulazio espedientea aurkeztu du 2009rako

Lan talde ia osoari eragingo lioke murriztapenak, lanaldiaren %25 erregulatuz. Multinazionalak aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 47 milioi euroko irabaziak lortu ditu.

Goierriko Hitza
2008ko urriaren 28a
18:10
Entzun
Goierrin (Gipuzkoa) ez da Idiazabalgo Jasorena langileen lan erregulazioa burutzeko dagoen asmo bakarra. Legazpiko CIE enpresak atzo aurkeztu zuen lan erregulaziorako espedientea. Enpresako lan talde ia osoa inplikatuko luke espedienteak, zuzendaritza salbu. Hamabost eguneko kontsulta epea dago orain, Eusko Jaurlaritzak murriztapenaz erabaki aurretik. Langileko %25 inguruko lan murriztea eragingo luke 2009an.

CIEko langile ahalik eta gehien erregulatzea nahi du enpresak. Pertsonako %20-25 bitarteko erregulazioa proposatzen du espedienteak, lana jardunaldi osoaren laurden bat murriztuz, ELA sindikatuak adierazi duenez.

2009rako ezarri nahi dute murriztapena CIEn, baina "aukera baldin badago" abendutik aurrera ezar dezakete.

Hala, langile bakoitzak lanaldiaren %75ean normal jarraituko luke, proportzioan dagokion soldata enpresatik kobratuz. Gainontzeko laurdena langabezitik jasoko luke.

ELA sindikatuaren iritziz, "azkeneko moda aprobetxatu" nahi du CIE multinazionalak. "Nahiz eta irabazi handiak dituen enpresak, etekinak handitzen segitzeko murriztapenak egin nahi dituzte", adierazi du Iker Alustiza sindikalistak.

Legazpiko CIEk 315 langile ditu, eta forja lanak egiten ditu. Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 47 milioi euroko irabaziak lortu ditu, iaz epe berean baino %17 gehiago, ELAren datuen arabera. "Eta, gainera, oraindik krisia dagoela esaten dute. Horrelako multinazionalek ez dute mugarik irabaziak pilatzen jarraitu nahi izateko, eta etekinak hobetu daitezkeela ikusten dute, gastuak diru publikotik ordainduz. Administrazio publikoak hori onartzen badie, gainera, horrela jarraituko dute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.