2012ko otsailean, PSNren eta UPNren aldeko botoekin, oinarrizko errentaren legedian aldaketa handia egin zen. Oinarrizko Errentarako Eskubidearen Aldeko Plataformaren arabera, lege hark ordura arteko oinarrizko errenta "indargabetu" zuen. Berez laguntza horri orain gizarteratzeko errenta esaten zaio, eta hartzaile kopurua nabarmen txikitu da geroztik; 3.000 pertsona gutxiagok baliatzen dute orain. 2011n, 8.185 familiak jasotzen zuten. Ordura arteko egoeraren aldean, errenta jasotzeari utzi zioten, besteak beste, 24 hilabetean kobratu zutenek eta Nafarroan erroldatuta bi urtetik behera zeramatzatenek.
Plataformak adierazi duenez, legea onartzearekin batera "egoerak okerrera egin zuen", hutsune legala zegoelako. Iaz, lege berria aldizkari ofizialean argitaratu aurretik laguntza eskatu zuten familiei ere gobernuak diru laguntza ukatu zien edo laguntza nabarmen murriztu zien. Auzitara jotzea erabaki zuten. Hirurehun helegite aurkeztu ziren, baina guztiak atzera bota ziren. Ondoren, plataformaren laguntzaz, 70 hartzaile ohik beste errekurtso bat jarri zuten Auzitegi Nagusian, eta epaitegi horrek arrazoi eman zien 45 kasuetan. Ebatzi du gobernuak legez kanpo jokatu duela lege berriaren baldintzak ezarri dizkielako aurretik eskaera egin zutenei.
Plataformak adierazi duenez, gobernuak foru agindu bidez egoera zuzendu du, baina soilik auzitara jo dutenen kasuan. "Errekurtsorik aurkeztu ez zuten familiek eta errekurtsoaren lehenengo urratsean geratu ziren ehunka familiek ere berdin jasan zituzten bidegabekeria honen ondorio eta kalteak", salatu dute. Hala, plataformak jakinarazi du 2011ko abenduaren 11 baino lehen oinarrizko errenta eskatu zutenen aldeko instantzia bat prestatzen ari direla, euren eskubideak aldarrikatzeko asmoz. "Legeak helburu ekonomikoak besterik ez duela uste dugu, eta diru gutxien duten familiei eskubide eta laguntzak murriztea bakarrik eragin duela".
Uneotan, parlamentuan egungo legea aldatzeko bi lege proposamen daude eztabaidagai: bata, PSNk aurkeztua, eta bestea, Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Baik aurkeztua. Oraingo legea PSNk onartu zuela ikusita, plataformak dei egin dio alderdi sozialistari "justizia sozialean oinarrituriko irizpide politikoei tinko eusteko".
Ekonomia
Lege aldaketaren ondorioz, 2011tik 3.000 pertsona gutxiagok baliatu dute oinarrizko errenta Nafarroan
Oinarrizko Errentarako Eskubidearen Aldeko Plataformak salatu du legea ezarri aurretik errenta eskatu zuten pertsonei laguntza ukatu ziela Nafarroako Gobernuak. Auzitegi Nagusiak ebatzi du gobernuak legez kanpo jokatu duela, eta, horregatik, instantzia orokor bat prestatzen ari da plataforma, kaltetu guztien eskubideak aldarrikatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu