Lege berriak kaleratzeak areagotu dituela salatu dute etxeko langileek

Kasu askotan Gizarte Segurantzan izena ematearen truke soldatak jaitsi dizkietela dio ELEk

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Etxeko langileek urte hasieratik daukaten arautegi berriaren balorazio «gazi-gozoa» egin du Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ELE). Liz Quintana elkarteko kideak onartu duenez, arautegi berriak «aurrerapausoak dakartza kolektiboaren eskubidearentzat». Duela gutxi arte ez bezala, esaterako, etxeko langileei lan istripuak eta gaixoaldiak kobratzeko aukera onartzen zaie. Eta enplegatzaileak langilearen izena eman behar du Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean.

Baina balorazio positiboa hor amaitzen da. Legedi berriaren ondorioz, kaleratzeak areagotu, eta lan baldintzak kaskartu egin direla salatu baitu Quintanak: «Enplegatzaileak Gizarte Segurantzako gastuei aurre egitearen truke, kasu askotan soldatak jaitsi dizkie langileei». Eta kaleratzeek ere ildo horretatik doaz. «Kaleratzeko arrazoirik gabe, enplegatzaile askok langileak bota, eta berriak kontratatu ditu lan baldintza kaskarragoetan».

Etxeko langileen artean, ordutegi jarraitua ez daukatenak kinka larrian geratu dira arautegi berriaren ondorioz, Quintanaren arabera. Orain arte euren gain hartzen zuten Gizarte Segurantzan izena emateko ardura. «Urte luzez ahalegin bereziak egin dituzte kotizatu ahal izateko, eta,orain, euren erretiro saria arriskuan ikusten dute». Izan ere, Gizarte Segurantzan izena emango dien enplegatzaile bat bilatu behar dute langileek, «eta askotan onartezinak diren lan baldintzak onartu behar izan dituzte horretarako».

Sektore honetan, gainera, atzerritarren kopurua handia da, «ezinbestekoak, dira sistemak funtziona dezan». Eta euren egoera erregularizatzeko edozein baldintza onartu beste erremediorik ez dute izaten askotan, Quintanak dioenez. «Hipokrisia soziala da, beharrezkoa den eskulana erabiltzen baitugu mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, eta ordainetan ez dute legearen babesik».

Horregatik, eskaera zuzena egin dio ELEk Lanbide enplegu zerbitzuari: laneratzeko zerbitzu publikoak bultza ditzala. Orain arteko kolokazio agentzia pribatuen «gehiegikeriak» saihesteko, etxeko langileen bitartekari izan dadila eskatu du Quintanak. Izan ere, «Mendekotasun Legeak ez ditu laguntza behar duten pertsonen beharrak asetzen» eta, horregatik, emakume askok ezkutuko ekonomiara jotzen dutela gogorarazi du.

Etxeko langileek, beraz, egoera zailean jarraitzen dutela ohartarazi nahi izan du ELEko kideak. «Etxeko langileen egoera hobetu bada ere, gainerako sektoreekin alderatuta, egoera okerragoan gaude, Espainiako Gobernutik aurkakoa saldu nahi duten arren», Quintanaren esanetan. Eta araudiaren bi lan baldintza gogorarazi ditu horretarako: legediak astean 60 orduko lanaldiak onartzen dituela, eta soldatak %30 arte jaits daitezkeela, langileak etxean otorduak egin, edo gauak bertan pasatzen baditu. Urte hasieran indarrean jarritako araudiak, beraz, «hutsune ugari» dituela salatu du.

Bulegoetan, bitarteko gutxi

Etxeko langileen legedi berriaren inguruan ELEk egiten duen irakurketa kritikoa, ordea, ez da edukira bakarrik mugatzen. Horiek indarrean jartzeko garaian, Espainiako Gobernuak bitarteko gutxi jarri dituela salatu baitu Quintanak. «Araudi berriaren inguruko xehetasunak jakiteko, enplegatzaile eta langile ugari joan dira Gizarte Segurantzako bulegoetara, baina haietako funtzionarioek ez zeukaten behar adinako informaziorik».

Ondorioz, kontsultak egitera, ELEra bidali dituzte. Eta datuek jarrera hori erakusten dute: 2011n 241 langile hartu zituzten elkartean, eta 2012ko lehen seihilekoan, berriz, 312. Horiez gain, 449 kontsulta erantzun dituzte telefono bidez. 761 guztira. «Erakundeek jendea salduta utzi dute», salatu du Quintanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.