Eusko Jaurlaritza eratu berriak gaur egin du aurreneko gobernu kontseilua, Iñigo Urkullu lehendakariak izendatutako sailburuek kargua agindu eta biharamunera. Bi gai izan dituzte eztabaidagai, batez ere: Gabonetako lansariaren ordainketa eta sendagaien berrordainketa.
Ondoren, Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak eman du bilkuraren berri. Jakinarazi duenez, aurreneko erabakia izan da gobernuaren egitura %20 murriztea, sailburuak hamarretik zortzira gutxitzearekin egin bezala. Neurri hori sozietate publiko guztietan datorren urteko ekainerako ezarriko dutela iragarri du Erkorekak. Bigarren erabakia izan da 2013ko lehen aparteko lansaria urtarrilera aurreratzeko lege proiektu bat egitea, Eusko Legebiltzarrak onar dezan.
Erkorekak jakinarazi duenez, Eusko Legebiltzarrean batzordeak osatzen direnean agerraldiak eskatuko dituzte sailburuek, legealdian egin asmo dutena azaltzeko. Urtarrileko azken astetik aurrera egingo dituzte agerraldi horiek. 2013ko aurrekontuez, Jaurlaritzako eledunak esan du urtarril amaieran ezagutaraziko dituztela datorren urteko aurrekontuetako lerro nagusiak.
Gainera, botiken berrordainketaz, Erkorekak esan du Jaurlaritzak ez duela astirik izan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzo emandako ebazpena aztertzeko, eta, beraz, ez duela "iritzi finkorik" epaiaren inguruan. Edonola ere, Patxi Lopezen gobernuak arlo horretan izandako jarrerarekin "bat dator" egungo Jaurlaritza: "Uste dugu eskumen garrantzitsu bat dagoela jokoan".
Atzo ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzak ezarri egin beharko duela botiken berrordainketa. Lopezek zuzentzen zuen gobernuak dekretu bat egin zuen ekainean, botiken zenbateko txikiagoa ordaindu behar duten taldeak gehiago izan zitezen. Dekretu horren hainbat artikulu baliogabe utzi ditu auzitegiak, eta Espainiako Gobernuaren neurria ezarri beharko du Jaurlaritzak; pentsiodunek sendagaien %10 pagatu beharko dute, eta gainontzeko herritarrek, %50.