Ostiralean jaso zuen berria Legutioko (Araba) Recticel Iberica enpesako langile batzordeak: zuzendaritzak itxi egin nahi du lantokia. Gaur egun, 57 langile aritzen dira han, eta guztiei kontratua eteteko asmoa du. Poliuretanozko aparra eta isolatzaileak ekoizten dituzte enpresan.
Azken bost urteetan egoera guztiz okertu dela salatu du langile batzordeak. ICOA —lehen hala deitzen zen lantegia— Belgikako Recticel Iberica multinazionalak erosi izanak eragin zuen aldaketa. «Hasieratik lanaldia handitzera eta soldatak %21 murriztera behartu zituen langileak», adierazi du ELAk.
Orain bi urte iritsi zen bigarren kolpea. Enplegua erregulatzeko espediente bidez, 39 lanpostu kentzen saiatu zen. 74 langile zituen orduan enpresak. Lan Sailak ez zion baimenik eman, aurkeztutako arrazoiak ez zeudela frogatuta argudiatuta. Alabaina, jendea bidaltzen jarraitu zuela azaldu du sindikatuak. «Espedienterik onartu ez ziotenez, banan-banan bota zituen langileak». Enpresa Recticel Ibericaren esku dagoenetik soldata igoerarik ez dutela izan gaineratu du, eta azkenean enpresa itxi egiten badute 57 langile «egoera zailean» geratuko direla adierazi du ELAk.
Araban ez ezik, Herrialde Katalanetan ere baditu lantegiak Recticelek. Bartzelonakoan ekoizpenaren parte bat eten egin nahi du, eta Valentziakoa itxi egingo du. Haietan 33 pertsona geratuko dira lanik gabe. Guztira, beraz, hiru lantegietan dituen 242 langileetan 90 kaleratuko ditu.
Zuzendaritzaren arabera, krisia Espainian edukitzen ari den eraginagatik erabaki du produkzioa murriztea. «2007tik 2010era bitartean %20 murriztu dira eskaerak; horren eraginez, eskaeren aldean, ekoizteko %40 gaitasun handiagoa dugu», jakinarazi du ohar batean.
Rinderreko langileen protesta
Langileak kaleratzen ari da Foruko (Bizkaia) Rinder Industrial enpresa ere. Aurten, 30 bidaltzeko asmoa du. Langileen esanetan, deslokalizazio kasu argia da, zuzendaritzak talde bereko beste enpresa batzuetara desbideratu duelako ekoizpena. Euren egoera salatzeko, elkarretaratze bat egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza aurrean. 10:30etik 11:30era egongo dira.
Legutioko lantegia itxi nahi du Recticel Ibericak
57 langileei kontratua eteteko asmoa du Belgikako enpresak; eskaerak asko murriztu direla adierazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu