Datorren urtean ere defizit handia pilatuko du Frantziak: kutxa publikoetan sartu baino 69.300 milioi euro gehiago gastatuko dituela kalkulatu du Michel Sapin Finantza ministroak, gaur aurkeztutako aurrekontuetan. Zuloa, ordea, aurten espero dena baino 600 milioi txikiagoa izatea espero du. Horri batuz gero Gizarte Segurantzaren zenbaki gorriak jaitsi egingo direla, defizit publiko osoa %3,3tik %2,7ra txikituko da.
Aurreikuspen hori beteko balitz, lehen aldia izango litzateke 2007az geroztik Frantziak beteko lukeela Europako Batasuneko Egonkortasun Planak defizit publikoari jartzen dion muga, %3koa. Bruselak oso malgu jokatu du Parisekin, eta hiru aldiz luzatu dio defizita kontrolatzeko azken epea. Laugarren luzapenik ez duela beharko aldarrikatu du behin eta berriro Frantziako Gobernuak, eta datorren urtean konpromisoa bete egingo duela aldarrikatu du Sapinek.
Beste batzuk, ordea, ez daude hain ziur. Frantziako kontu publikoak aztertzeaz arduratzen den elkarte independenteak, Finantza Publikoen Kontseilu Gorenak (HCFP), auzitan jarri du helburu horretara iritsiko direla. Haren arabera, gobernuak hazkunde iragarpen "baikorregia" egin du: %1,5 aurten eta beste hainbat datorren urtean.
Gainera, HCFPk uste du "irrealistak" direla Finantza Ministerioak Gizarte Segurantzan eta tokiko administrazioetan egin nahi dituen gastu murrizketak. Azken horiek eramango dute bizkar gainean 2017an ere Frantziako Estatuaren ahalegin fiskalaren zati handi bat. Murrizketa horrek neke handiak eragin dituela kexu izan dira Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialak.
HCFPren zalantzei garrantzia kendu nahi izan die Sapinek, erakunde hori askotan huts egin duela gogorarazita.
Soldata atxikipenak, 2018tik aurrera
Aurrekontu proiektuarekin batera onartarazi nahi du Frantziako Gobernuak errenta zergaren bilketaren erreforma. Sapinen asmoa da 2018ko urtarriletik aurrera zerga hori soldatetatik atxikitzea, Hego Euskal Herrian ez ezik Europako estatu gehienetan ohikoa den bezala.