«Egun zoriontsua da». Irribarretsu jo zuten kanpaia atzo eguerdian Enrique Goñik eta Antonio Pulidok, Banca Civicako presidenteek, eta modu horretan eman zioten hasiera bankuaren akzioak merkatura ateratzeko operazioari. Duela hilabete egindako eskaintzak aurreikusten zuen preziorik merkeenean —2,7 euro— ekin zion burtsaren ibilbideari Banca Civicak, eta hasi bezain laster are gehiago jaisten hasi zen kotizazioa. Operazioaren arrakasta auzitan jar zitekeenez, burtsaratzea prestatu duten bi bankuek —Credit Suissek eta Morgan Stanleyk— akzioak erosteari ekin zioten, eta horri esker onik atera da lehen egunean. Hasi bezala amaitu du: akzioa 2,7 euroren truke.
Halabeharraren ondorioz, egun ona aukeratu zuen merkatura ateratzeko. Europatik zetozen albisteei esker, irabazi handiko eguna izan zen atzokoa. Madrilgo Ibex-35, kasu, %2,93 igo zen, baina gorakada horretaz ez zen baliatu Banca Civica, eta hasieran, beherantz egin zuen modu nabarmenean. Horrek aditzera eman dezake hurrengo asteak zailak izango dituela.
Akzioek lehen egunean izandako jarreratik harago, lehen helburua lortu du behinik behin Banca Civicak. 222 milioi akzioak 2,7 eurotan salduta, 600 milioi euro bilduko ditu, eta, burtsaratzea prestatu duten Credit Suissek eta Morgan Stanleyk beste 26 milioi erostea erabakiz gero, beste 70 milioi euro bil dezake. 670 milioi euro gehigarri horiei esker, Espainiako Gobernuak urte hasieran ezarritako kapital baldintzak betetzea lortuko du, eta aktiboekiko %10ko kapital maila lortuko du.
Horregatik, pozik ziren atzo hala Pulido nola Goñi. Nafarroako Kutxako zuzendariaren arabera, asteotako merkatuen giro gorabeheratsua ez da izan oztopo: «Banca Civicaren balio nagusiak aldarrikatzera etorri gara; hau da, gardentasuna eta parte hartzea». Pulidok, berriz, «historikotzat» jo du: «Berez da arrakasta honaino iristea hain une gogorra pasatu ostean». Biek nabarmendu dute aurrezki kutxen bat-egitea «sekulako abiaduran» eta «oso testuinguru zailean» egin dutela.
Azkenik, salgai jarritako akzioen %2 langileek eskuratu dituzte. —beharginen %84k erosi dituzte akzioak—. Eskaintzaren %58 akziodun txikien artean salerosi dira, eta horietatik gehienak nafarrak dira: 26.000 nafarrek 295 milioi euro adinako akzioak eskuratu dituzte. Gainontzeko %40 akziodun handiak dira. Atzo, Goñik jakinarazi zuenez, atzerriko inbertitzaile handiek 100 milioi euro adinako akzioak erosi dituzte.
Banca Civicako arduradunen ahotan laudorioak entzuten baziren ere, merkatuetako begiraleek zuhurtzia handiagoz hartu zuten lehen eguna. Atlas Capitaleko analista batek berri agentziei esandakoaren arabera, litekeena da lehen hilabetean «sufritzea». Banca Civicaren etorkizuneko proiektua «promesetan» oinarritzen dela uste du, eta burtsaratzeko orduan «mesede asko» jaso dituela deritzo.
Kutxen bat-egitea
BBKren, Vital Kutxaren eta Gipuzkoa Donostia Kutxaren arteko fusio hotza-ri dagokionez, ELA eta LAB kritiko azaldu dira kutxek egindako lan arloko proposamenekin. Sindikatuen eskaintzei uko egin izana kritikatu dute, eta langileen artean «alarma» piztu dela aipatu dute.
Kutxak, berriz, kanpaina bati ekin dio, kutxen bateratzeak ekarriko dituen onurez berri emateko Gipuzkoako gizarteari.
Lehen egunean onik atera da Banca Civica, eta hasi bezala amaitu du
Burtsan salgai jarritako 222 milioi akzioak 2,7 euroko prezioan salerosi ostean, 600 eta 670 milioi euro artean bilduko ditu bankuakCredit Suisse eta Morgan Stanley bankuei esker, lehen egunean ez da jaitsi kotizazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu