Iruzurra egozten die fiskaltza federalak Ralph Cioffi eta Matthew Tannin Bear Stearnseko burukide ohiei. Akusazioaren arabera, batak zein besteak subprime hipoteketan oinarritutako funtsetan inbertitzeko eskatu zuten jendaurrean 2007. urtearen hasieran; pribatuan, berriz, hipoteken merkatua oso egoera txarrean zeudela zioten, eta batek dirua atera zuen funts horietatik. Funtsek 2007ko ekainean egin zuten porrot, eta finantza krisia lehertzenari zela erakutsi zuten lehen aztarnak izan ziren.
Fiskalaren salaketaren heldulekua Cioffik eta Tanninek igorritako mezu elektronikoak izan dira. «Agian lehertuko gara. Maileguen egoera okertzen ari da. Hau guztia gaizki bukatuko dela eta beste lan bat bilatu beharko dudala uste dut», esan zuen Tanninek, 2006an. Une horretan oraindik ez zen azalaratu subprime hipotekak hartu zituzten milaka lagunek ordaintzeko arazoak zituztela, etxebizitzen prezioaren igoera amaitzen ari zelako.
Fiskalak jakinarazitako beste mezu batean, 2007ko martxokoa, honakoa zioen Cioffik: «Subprime merkatuen egoerak beldurtzen nau. Agian ekonomia ez da hondoratuko, baina gure mundua bai». Hilabete horretan bertan, Cioffik eta Tanninek esan zioten inbertsiogileei subprime hipoteketan oinarritutako aktiboetan dirua jartzeko une egokia zela. Bear Stearnseko arduradunei ere antzeko adierazpenak egin zizkieten.
20 urteko espetxe zigorra
Gero eta jende gehiagok pagatzeari utzi eta titulu horiek balioa galtzera zihoazela gero eta garbiago zegoenean, Tanninek ez zuen jendaurreko mezua asko aldatu. «Honakoa desastre handia denik pentsatzeko arrazoirik ez dago», esan zuen jendaurrean; pribatuan, berriz, «subprime merkatuak oso itxura txarra dauka», onartu zuen, eta titulu horiekin «sekula» dirua egiteko modurik ez zegoela gehitu. Horregatik, funtsak ixteko edo estrategiak aldatzeko eskatu zion bankuari.
Tanninek 20 urte arteko kartzela zigorra jaso dezake, bezeroei iruzur delitua egin ziela frogatzen bada. 40 urteko espetxe zigor eskaera du, berriz, Cioffik: 20 urte iruzurragatik, eta beste 20 urte informazio pribilegiatua bere mesedetan erabiltzeagatik, inbertsiogileei esan gabe bere dirutik bi milioi dolar Bear Stearnsen beste funts seguruago batera desbideratu zituelako. Cioffik eta Hanninek beraien aurkako salaketa guztiak ukatu dituzte.
Bear Stearns bera izan zen finantza krisiaren biktimetako bat. 2008ko martxoan, subprime hipotekekin egindako apustuen ondorioz porrot egitera zihoala, JP Morgan lehiakideak erosi zuen, 1.100 milioi dolarren truke. Huskeria, krisiaren aurretik horren halako hamar baino gehiago balio baitzituen AEBetako inbertsio bankuetan bosgarrenak.