Lehortearen ostean dator ekaitza

Azken asteetan euria egin badu ere, joan den urteko idorteak sortutako arazoak nozitzen ari dira oraindik Euskal Herriaren iparraldeko abeltzainak. Nafarroako euri faltak kezka eragiten die Euskal Herriko beste baserritarrei ere, ez baitakite abereak elikatzeko nahikoa bazka izango duten aurten.

Errigoitiko (Bizkaia) baserritar bat belarra mozten, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Iazko lehortearen ondorioak sufritzen ari dira oraindik euskal nekazariak, eta badirudi luzerako kontua izango dela. Azken asteetan euria bota badu ere, abeltzain asko beldur dira, ez baitakite abereei jaten emateko izango duten ala ez. Kezka horixe antzeman du bere inguruan Garikoitz Nazabalek, abeltzaina eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren Gipuzkoako presidenteak.

Nazabalek uste du aurten, oraingoz, belar mozketa ondo doala, isurialde atlantikoan dauden ibarretan batez ere: «Negutik udaberrira bitartean eguraldia lehorragoa izan zen, baina garai honetako euriak on egiten ari dira. Azkenean, lurrak badu tenperatura, eta hezetasunak eta euriak laguntzen badio, belarrak eman egiten du». Haren hitzetan, udaberria ez da gaizki hasi, eta kasu batzuetan aurreko urteetan baino gehiago mozten ari dira, nahiz eta hasi besterik ez diren egin. Izan ere, etorkizunarekiko «ziurgabetasuna» nagusi da sektorean, eta horregatik ari dira hainbat nekazari belar mozketak aurreratzen. Hala ere, Nazabalek uste du «miraririk» ezin dela egin.

Iritzi berekoa da Daniel Barberarena nekazaria eta ELB Euskal Laborarien Batasuneko kidea. Uste du aurtengo urtea joan dena baino hobea izaten ari dela, iaz %30 apaldu baitzen jasotako belarra Ipar Euskal Herrian. Hala ere, iazko lehorte horrek «arazo anitz» ekarri dituela dio: «Ekain hastapenean belarrak egin genituen, eta hortik aurrera lehortea etorri zen». Udan abereak kanpoan bazkatzen hasten dira, baina, Barberarenaren hitzetan, belarraz gain jateko beste zerbaiteman behar izan zieten, aurreko urtean nahikoa belarrik ez zegoelako, eta horrek biltegia hustea ekarri zuen. Elikagai eta ur faltagatik, baserritarrek «ohi baino lehenago» jaitsi behar izan zituzten abereak joan den udazkenean: «Badira 40 urte baserritarra naizela, eta uste dut azken urte hau horietatik guztietatik okerrena izan dugula».

Egoera horren ondorioak orain ari dira nozitzen, hainbat faktorerengatik bazkaren prezioak igo egin baitira. Gainera, Ipar Euskal Herriko larreetan udazkenero agertu ohi diren harrak inoiz baino gehiago agertu dira joan den urtearen amaieran, eta hainbat belardi «suntsituak geratu dira». Egoera muturrekoa da, eta Barberarenak adierazi du hainbat baserritar zorrak ordaindu ezinik daudela. Haren ustez, beste urte txar batek atzera-bueltarik gabeko egoera batean utz ditzake baserritar asko.

Nafarroaren egoera

Isurialde atlantikoan bazka ateratzen ari bada ere, hori ez da nahikoa abere guztiak elikatzeko, eta Nafarroaren egoerak Euskal Herriko beste abeltzainak ere kezkatzen ditu. Izan ere, eskualde batzuetan ez dute idorreko lurretako uztarik jasoko, landarea ez baita nahikoa hazi. Zereala bildu ostean, lastoa abereak elikatzeko eta energia produzitzeko erabili ohi dute, baina aurten askoz gutxiago bilduko da, nekazari askok ez dutelako uzta jaso ere egingo. Aurten ohi baino lasto gutxiago jasoko denez, EHNEk eta UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak eskatu dute lastoa ez dadila erabili biomasa produzitzeko.

Nafarroa hegoaldeko egoera krudelak, baina, bere mugak gainditzen ditu, lastoa eta bestelakoak esportatu ohi baitituzte. Euskal Herriaren azaleraren erdia hartzen du Nafarroak, eta gainontzeko lurraldeetako baserritar eta abeltzain asko Nafarroako uztaren menpeko dira. Nazabalek eta Barberarenak, biek ala biek, diote arreta handiz eta arduraz begiratzen dietela Nafarroako laborariei: «Alde batetik, enpatiagatik, eta, beste alde batetik, koiunturak nola eragingo digun kalkulatzeko».

Lasto gutxiago egongo denez, abeltzainek ohi baino pentsu eta zereal gehiago erosi beharko dute animaliak elikatzeko. Horrek kostuak igotzea ekarriko du, eta, ondorioz, haragiaren prezioa igoko da. Ipar Euskal Herrian ere Nafarroako lastoa erosi ohi dute abereak elikatzeko, baina udaberri honetako lehortea dela eta, Barberarenak adierazi du aurten agian debekatu egingo dutela lastoa mugaz beste saltzea. Oraingoz zurrumurruak direla dio, baina «arrangura handiak» dituzte baserritarrek, ez baitakite abereak elikatzeko izango duten ala ez.

Hiltegiak gainezka

Abereak elikatzeko zailtasunei animalia zaharrenak haragia egiteko sakrifikatuz erantzuten diete abeltzain askok. Nazabalek dio «gertatzen ari den eta gertatuko den» zerbait dela, baina luzerako arazoak ere sortzen dituela: «Ez da gauza berria. Iaz nabarmena izan zen, eta, aurten Nafarroan dagoen egoera ikusita, askotan gertatuko da. Kentzen den animalia kopuru hori errekuperatzeko, lasai asko hiru urte pasa daitezke, ez da pare bat hilabeteko kontua».

EHNEk eta UAGNk ere iragarri dute abereak elikatzeko nahikoa janik ez badago baserritar askok animaliak haragitarako sakrifikatzen hasteko erabakia har dezaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.