Lan merkatua

Lekualdatutako langileen eskubideak handitzeko proposamena, blokeatuta

EBko herrialdeek ados jarri ezinda jarraitzen dute hiru atal funtsezkotan: lekualdatzearen iraupenean, araua indarrean jartzeko epeetan eta garraio sektoreari eman beharreko tratuan.

Banderak Europako Batzordearen eraikinaren kanpoaldean, Bruselan (Belgika). STEPHANIE LECOCQ / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko urriaren 23a
16:58
Entzun

Europako Batasuneko Lan ministroak bilduta daude gaur, Luxenburgon. Lekualdatutako langileen eskubideak eguneratzeko arauari buruz akordio bat lortzea da bileraren helburua. Ñabardurak ñabardura, herrialde guztiak bat datoz Europako Batzordeak proposatu zuen aldaketa nagusiarekin. Hau da, lanpostu bera egiten dutenean, kanpotik iritsitako langileen eta tokikoen artean soldata diskriminaziorik ez egotea. Lanpostu berean ari diren langile guztiek soldata bera izatea, azken finean. Haatik, katramilatuta segitzen du eztabaidak hiru alor ezberdinetan: langile batek noiz uzten dion lekualdatua izateari, noiz jarriko diren aldaketak indarrean, eta garraioaren sektoreko langileei zer tratu eman behar zaien. Goizeko saioan ez da akordiorik izan, eta arratsaldean saiatuko dira berriro.

Kopuruan ez dira asko —bi milioi lagun, enpleguaren %1 baino gutxiago—, baina gai oso sinbolikoa bihurtu dira hainbat herrialdetan. Migrazioarekin batera, euren lanpostuak atzeko atetik desagerraraziko dituen gaitz gisa hartzen dituzte askok lekualdatutako langile horiek, lan bera askoz merkeago egitea baimentzen zaielako. Bruselak berak aitortu du sektore eta herrialde jakin batzuetan lekualdatutako langileek %50 gutxiago kobratzen dutela. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen agenda erreformazalean lehen puntu gisa agertu da lekualdatutako langileen egoera.

EBko lehendakaritza duen herrialdeak, Estoniak, akordioa bideratzeko testu egokitu bat aurkeztu du gaur. Gehienez ere, lekualdatutako langile batek bi urte igaro ahal izango lituzke egoera horretan. Horren ondotik, joan den herrialdeko langile arrunt bihurtuko litzateke, eskubide eta betebehar guztiekin. Frantziak, Alemaniak, Italiak, Austriak eta Herbehereek urtebetera murriztea eskatu dute. Presidentetzak hogei hilabeteko konpromisoa eskaini du, baina ez da akordiorik izan.

Gai korapilatsuena garraio sektoreari eman beharreko tratua da. Hainbat herrialdek —Espainiak eta Irlandak, bereziki—eskatu dute lekualdatutako langileei dagokien araudia ez aplikatzea nazioarteko garraio sektorean, bereziki transitoan dauden garraiolariei. Erdibideko hurbilketa bat ere egon da mahai gainean: arauak ez aplikatzea lehen hamar egunetan errepideko garraioan eta zazpi egunetan kabotajean. Sektoreari buruzko erabakiak EBn mugikortasun legediari buruz ematen ari den eztabaidaren emaitzak izan arte atzeratzea zen presidentetzaren jatorriko proposamena. Arauaren testua gehiago fintzeko beharra agerian geratu da ministroen azalpenetan.

Azkenik, arau berria ezartzeko egutegiari buruz desakordioa izan da, baina konpromiso baterako aukerak handiagoa dirudi. Herrialdeek bi urte izango lituzkete arau berriaren ezarpena euren legedira egokitzeko. Hala ere, arau berria onartu eta hiru urtera sartuko litzateke indarrean. Frantziak eta beste herrialde batzuk prozesu azkarragoa nahi zuten, baina prest leudeke epe horiek onartzeko, konpromiso zabalago baten barruan. Azken puntu hori erabakigarria izan liteke oposizio handiena jarri duten ekialdeko Europako herrialdeen babesa lortzeko. Polonia eta Hungaria buru, erreforma mesfidati ikusten du bloke handi batek, eta, besteak beste, trantsizio epe luzeagoa exijitu izan dute neurri berriak martxan jarri baino lehen.

Bi milioi langile EBn

Europako Batasunean ia bi milioi langile daude egoera horretan. Lanpostuen %1 baino gutxiago da, baina gero eta handiagoa da mugaz gaindiko enkarguen bolumena, eta 2010. eta 2014. urteen artean %44 igo da aldi baterako beste herrialde batera joandakoen kopurua. Sektore jakin batzuetan asko gertatzen den egoera dela antzeman du Bruselak: %44 eraikuntzako beharginak dira, eta beste %22 eskulangintza industrian ari dira. Batez beste, lau hilabete ematen dituzte mandatuak atzerrian betetzen.

1996. urteko arau batean finkatuta daude langile horien eskubideak. Arau horren arabera, tokikoek adinako babes maila dute lekualdatutako langileek osasun edo segurtasun kontuetan. Aldiz, soldatari dagokionez, kanpotik iritsi diren langileei soilik oinarrizko ordaina bermatu behar zaiela dio legeak. Formula horrek lehia bidegabea ahalbidetu duela ondorioztatu du orain Bruselak. Hau da, kanpotik ekarritako langileak baliatu dituzte enpresa batzuek ordainetan aurrezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.