Patxi Lopez Urkiola. Orkliko zuzendari nagusia

«Lezioa ikasi dugu: ezin da merkatu bakar batean egon»

Gipuzkoako enpresa saria jaso du Ordiziako Orkli kooperatibak. Haren zuzendariak dio merkatu askotan egoteak eman diola enpresari gaurko posizioa.

xabier martin
Donostia
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko kooperatiba ezagunena likidatzeko bidean den honetan, Fagorren itzalean euskal kooperatiba eredua egurtzen aritu direnak desarmatzeko moduko albistea eman du Gipuzkoako merkataritza ganberak, Bazkundeak: Ordiziako Orkli kooperatibak jaso du Gipuzkoako enpresaren saria aurten.

Mondragon taldeko enpresaren zenbakiak begiratzea baino ez dago saria jasotzeko zergatik hautatu duten ulertzeko. 825 langile, horietatik 503 bazkide; negozioaren %90 inguru nazioartetik jasotzen du (135 milioi euro urtero); lan zentroak Ordizian, Txinan eta Brasilen; eta hori guztia eraikuntzaren sektorean lehiatzen, berokuntza eta segurtasun termoelektrikoaren ataletan munduko erreferentzia izaten. «Ez dago sekretu handirik», dio Patxi Lopez Urkiola zuzendariak (Lekeitio, 1968): «Ezin dira arrautza guztiak poto berean eduki».

Krisiak, ereduak eredu, enpresa ugari egurtu dituen arren, euskal kooperatiben arrakasta ez da iraganeko kontua bakarrik, gaur-gaurkoa baizik; Orkli da adibide argi bat.

Orklirentzat da aitorpen hau; eta enpresaren barruan, norentzat?

Kooperatibetan aritzen garenok oso barruan daukagu zerbaiten parte garelako sentipen hori, eta gaurko sariaren moduko aitorpenek are gehiago indartzen dute sentipen hori. Pozik gaude urte askoan egindako lana bide onean egin denn seinale delako, eta aurrera begira, berriz, ari garen horretan tinko jarraitzeko bultzada delako, gainera.

Eta hori guztia eraikuntzaren sektorean lehiatzen. Miraria?

Ez, ez dago sekretu handirik. Egia da krisiak gogortu egin gaituela denok; gu ere jo gaitu, ez pentsa, baina orain dela urte batzuk hartutako epe luzerako hainbat erabakik mesede izugarria egin digute.

Zein izan ziren erabaki horiek?

Salmentaren zatirik handiena Espainiatik ateratzea; beste merkatuen bila joan izana. Ze beste merkatuek azkarrago eman diote buelta 2007-2008ko egoerari. Begira, guk ez dugu orain merkatu zehatz batekiko menpekotasuna. Leku askotan gaude, eta denetanjartzen ditugu arrautzak.

Nola islatzen da nazioartekotze prozesu hori zuen emaitzetan?

Negozioaren %90 nazioarteko merkatuetan daukagu, fakturazioaren zatirik handi-handiena.

Nazioartekotzeak ekartzen dituen onuren paradigma zarete. Ados?

Bai. Hala gara, argi eta garbi.

Bizirik irauteko, hala eraikuntzan nola beste sektore askotan, Espainiaren merkatu izoztutik ihes egin behar dela dirudi.

Ikasgaia ongi barneratu dugu. Krisi honek erakutsi digu ezin dela menpekotasunik izan merkatu bakar batekin; arrautza guztiak ezin dira poto berean eduki. Gaur Espainia izan da, eta bihar beste edozein izan daiteke. Hori da gure martxa onaren gakoetako bat, zalantzarik gabe.

500 langile daude Ordiziako egoitza nagusian, eta 825 Brasil eta Txinako lantegiak kontuan hartuta. Zenbat bazkide zarete?

Ordiziako guztiak eta kanpoko gutxi batzuk; 500dik gora bazkide gara.

Lantaldea handitzeko asmorik bai?

Beharbada bai; ez dugu baztertzen. Ez dugu euforiarik nahi, baina animatuta gaude enpleguari begira; baikor gara. Hala ere, garbi esan behar dut ez gaudela ados kimu berdeak aipatzen dituzten horiekin. Gorabidean dauden herrialdeak ere ez dira ekonomia bultzatzen ari jendeak uste duenaren pare. Brasil %1,5 hazi zen bakarrik; Txina %7,6. Asko ematen du, baina Txinako ekonomistek esaten dute %8tik gora ez direla gai enplegua sortzeko. Egia da bagoazela aurrera pixkanaka, baina egoera ez da zoragarria. Espainia krisian dago, mundua ez, baina hazkundeak ez dira hain handiak. Hori garbi izan.

Euskal Herrian sortutako enplegua ez duzue behintzat txikituko, ezta?

Ez, ez da hori gure asmoa. Ordizia ongi babesteko, kanpoan gogorra izan behar duzu; zenbat eta gogorragoa izan kanpoan, orduan eta segurtasun handiagoa dugu hemengo enpleguari eusteko.

Gogorrak?

Gogorrak lehian; zenbat eta merkatu gehiago izan, bezero gehiago izan, zenbat eta gertutasun handiagoa lortu bezeroekin, orduan eta seguruagoa izango da zure posizioa etxean. Eta, hala ere, iraganean hartu izan ez balira gure aurrekoek hartutako erabaki batzuk, gaur ez genuke zer eginik.

Zein izan ziren erabaki horiek?

Orain dela 25 urte, jauzi kualitatibo bat ematea erabaki zen Orklin. Automatizazioaren alde egin zuten bazkideek, nahiz eta horrek ematen zuen orduan euren enpleguen aurkakoa zela. Ausartak izan ziren makinen alde egiteko. Orain, lana kendu ez, lehiatzeko aukera ematen digute makina horiek, bezero gehiago lortzeko eta enplegua segurtatzeko. Horrek erakusten du ez dela jokatu behar epe laburrera.

Fagorren urte askoan ibili zinen zu. Mondragonek egur handia jaso duen honetan, zer esan nahi du taldeko kooperatiba batek jasotzea Gipuzkoako saria?

Badakizu zer gertatzen den horrelakoetan: haritz eroriari denek egur. Hamazazpi urte egon nintzen Fagorren, eta bihotza apurtu zitzaidan gure flagship-a hondoratuta ikusita. Orain, harrotasuna sentitu dut berriro Orkliren izenean sari hau jasotzean, gure eredua berritzen duelako honek, era batera edo bestera. 2013an 9.000 enpresa joan ziren konkurtsora Espainian. Zenbat ziren kooperatibak? Jakin nahi nuke. Krisiak ez du bereizten enpresa bat jotzen duenean, baina gauza bat esango dizut: enpresa eredu batek tresna batzuk ditu, eta besteak beste batzuk. Kooperatibek erakutsi dute aspaldian krisiari izkin egiteko gaitasun handiagoa. Malguagoak gara, nahiz eta batzuek kontrakoa esan. Eta garrantzitsuagoa dena, maila sozialean justuagoa da gure sistema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.