Pertsonaia. Steve Jobs

Liderra sagarraren itzalera doa

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ez, ez du Apple utzi, eta ez, ez da hil, atzo batzuek Steve Jobsen eskela idatzi zutela zirudien arren. Appleren arimak uko egin dio kontseilari ordezkari karguari, baina aurrerantzean ere administrazio kontseiluko presidente izan nahi du. Eguneroko jarduna utzi, eta luzera begira aritu. Osasun arazoek behartutako bizimodu lasaiagoa: pankreaseko minbizia gainditu zuen 2004an, eta gibela transplantatu zioten 2009an.

Liderra, ameslaria, buruzagi karismatikoa itzalera doa. Nahi duelako. 1985ean bidali egin zuten berak sortu zuen enpresatik, arduradunekin zituen gatazkengatik. 1997an itzuli zen, enpresa hondoa jota zegoenean, berpizteko.

Amets amerikarraren adibide nagusienetakoa da: bi gaztek—Jobsek eta Steve Wozniakek— 1976an garaje batean sortutako ordenagailu negozioa munduko enpresa teknologiko garrantzitsuena bihurtu da, diseinuaren eta modernitatearen ikur, eta burtsan balio gehien duen munduko bigarren enpresa, Exxon petrolio konpainiaren atzetik. Jobs 1997an Applera itzuli zenean akzioek bederatzi dolar balio zuten; herenegun 376. Proportzioan publizitatean diru gutxien gastatuta oihartzun mediatiko handiena lortzen duen enpresa da.

Jobsek, Applek, ez du ia ezer asmatu. Berak sortu edo ekoitzi aurretik bazeuden ordenagailuak, MP3 gailuak, Interneteko musika dendak, sakelako telefono adimendunak eta tabletak. Baina Appleren Macintoshak, iMacak, iPodak, iTunes, iPhoneak, iPadak eta aplikazioen dendak erreferentzia bihurtu dira. Gailuak, sistema eragileak eta gailuen erabilerraztasuna. Beste batzuen porrotak arrakasta bihurtu ditu neurri batean, eta lehiakideak atzetik ibiltzera behartu. Hiru iPhone, iPad bat eta iPod bat saltzen ditu segundo bakoitzean. Merkatuak irauli eta ohiturak aldatu ditu.

Jobsen erretiroak zalantzak sortu ditu enpresaren etorkizunaz, Apple Jobs dela uste dutelako. Orain Tim Cook operazioen buruak izango du lema. Jobsek berak eraman zuen Applera, eta kontseilari ordezkari lanak egin ditu urtarriletik, Jobsen itzalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.