Berarekin dakar ezegonkortasuna konkurtsoak, erosle berririk agertuko ote den zalantza edota balizko erosleak langile ohiekin izango dituen asmoen gaineko kezka. Gureolako, Azcueko, Virtisuko eta Curvados Alzaniako langileek badakite zer den hilabeteak kobratu gabe egotea; enpresa ixten ere ikusi dute; eta langabezian egon dira. Lauso ikusi dute etorkizuna. Beste batzuk ez bezala, bigarren aukera ari dira izaten orain, berriz lanean hasi baitira edota laster hastear baitaude. Aukera hori beste talde baten eskutik iritsi zaie Gureolari eta Virtisuri, eta langileek eurek hartu dute ekimena Curvados Alzanian eta Azcuen.
Zineman askotan esan izan da bigarren zatiak ez direla onak izaten. Enpresa munduan, berriz, amaiera zoriontsuarekin parekatu izan da sarri bigarren aukera; baina ez du zertan hala izan, ez behintzat %100, enpleguari eustearen truke baldintza okerragoak onartu behar izaten baitituzte batzuetan langileek, eta merkatuak jota jarraitzen duenez, gutxik baitute etorkizuna bermatuta.
XAVIER RIBA
Cominterreko bazkidea
«Esperientzia zuten langileak egotea oso garrantzia zen guretzat»
«Jende asko pasatu da ikustera, baina oso zaharra zegoen». Etsita zeuden Gureolako —Celulosas Hernani— langileak orain lauzpabost hilabete. Etsita eta langabezian, bi urte baino gehiago pasatu baitira paper fabrika itxi zenetik. 40 lagun inguru aritzen ziren orduan.
1912an sortutako enpresa da Gureola. Garai loriatsuak izan ditu. Esaterako, AEBetako Scott multinazionalaren parte zenean eta Scottex komuneko paper marka ezaguna egiten zuenean. Baina garratzak izan dira azken urteak. Paper sektorearen krisiak batetik eta krisi orokorrak bestetik, haren inoizko gainbeherarik handiena ekarri zuten. Ez dira ahaztekoak 2011ko uholdeek eragindako kalte ekonomikoak ere.«2012ko uztailean konkurtsoaren aurreko fasean sartu zen enpresa, eta langileok aldi baterako erregulazioan. Ordurako hilda zegoen enpresa, ez zegoen dirurik, eta ez kobratzen hasi ginen. Zuzendaritza desagertu egin zen. Espedienteak ere gaizki lotzen ziren bata bestearekin eta lau bat nomina kobratu gabe ere egon ginen», kontatu du Jose Angel Tames langileak. Konkurtsoa etorri zen gero, eta administratzaileek likidatu egin zuten enpresa.
Likidazio fase horretan egin zuen Kataluniako Cominterrek Gureolaren ekoizpen unitatea eskuratzeko eskaintza. Aurtengo uztailaren 30ean adjudikatu zion Fagor Etxetresnen kasua ere eraman duen Pedro Malagon epaileak. «Planta bat dugu Castellon. Bobinan 45.000 tona ekoizteko gaitasuna dugu. Planta horri lotuta beste bat dugu, eta hark 65.000 tona paper transformatzeko gaitasuna du. Beraz, 20.000 tona ezin genituen erabili, ez genuelako aski paper», kontatu du Xavier Riba taldeko bazkideak.
Bi aukera zituen enpresak, paper makina berri bat muntatzea Castellon edo beste planta bat eskuratzea. «Urte eta erdi egon ginen begira, eta Hernanin suertatu zen aukera. Behar genuen ekoizpen gaitasuna zuen Gureolak, eta beste abantaila handi bat ere bai: sektorean esperientzia zuten langileak. Guretzat oso garrantzitsua zen hori».
25.000 metro koadro inguru ditu lantegiak, eta uztailaz geroztik ari dira eraberritze lanetan. «Azken 20 urteetan apenas izan duen inbertsiorik eta oso zahartua topatu dugu», adierazi du Ribak. Dagoeneko zazpi langile lanean ari dira, eta, azken orduko ezustekorik ezean, bizpahiru aste barru martxan egongo da fabrika. Lehen fasean makina bat jarriko dute martxan, eta 27 langile hasiko dira lanean. Datorren urte bukaeran, bigarren makinarekin, beste 15. Lehen lanik gabe geratutako guztiek izango dute, beraz, berriro lanera itzultzeko parada —sei beste lantegiren batean ari dira, eta haietan jarraitzea erabaki dute, eta hamarrek erretiroa hartu dute—.
«Loteria» izan dela aipatzen dute langileek, langabezia saria ere laster amaitzen baitzitzaien. «Ordu batzuk gehiago lan egitea eta soldata murriztea onartu dugu, baina pozik gaude, paper sektoreko hitzarmena ia osorik mantentzen baitzaigu, eta hitzarmen ona baita», azaldu du Tamesek. Gaineratu du badutela konfiantza Cominterren. « Ikusten dugu gauzak ondo egin nahi dituela, eta serio hartu duela proiektua».
XABIER OLEAGA
Azcueko talde eragileko bozeramailea
«Azken fasean dago proiektua; 30 langilerekin edo hasi nahi dugu»
Gureola bezala, historia handiko enpresa da Azpeitiko Azcue y Cia. 1934an sortu zen, eta altzarigintzan aritu izan da. Ia bi urtean itxita egon ostean, hura berriz martxan jartzeko «azken fasean» daude orain. Konkurtso prozesuan dago lantegia, eta langile ohiek lan sozietate bat sortu dute ekoizpenarekin jarraitzeko. Aurreko enpresako ia 90 lagunek egin dute bat egitasmoarekin, eta «ziur» daude aurrera aterako dutela. Arriskua hartzeko prest daude, Hamabosna mila euroko ekarpenak eginda. Urtarrilerako martxan jarri nahi dute, 30 langile ingururekin hasieran. 2015. urtea amaitzerako 50 langile izatea espero dute, eta 2016a amaitzerako, ehun inguru.
Langile ohiekin batera, zuzendaritzako kide ohiek osatzen dute talde eragilea. Azaro hasieran aurkeztu zuten jendaurrean proiektua, eta konkurtsoaren ardura duen epaileak zer esango daude egunotan. «Konkurtsoko administratzaileari proposamen bat egin diogu, eta hark bere txostena bidali behar dio epaileari, onartzen duen edo ez esateko», azaldu du Xabier Oleaga talde eragileko bozeramaileak. Uste dute bi aste barrurako edo jasoko dutela erantzuna. Posible da orduan egitea lehengo enpresaren ondasunen jabe.
Etxegintzaren krisiarekin batera hasi zen Azcueren gainbehera. Hainbat fasetan langileak kaleratuz joan zen. 120 zituen 2012aren bukaeran itxi zutenean. Altzariekin batera , «eskaintza integrala» egin nahi dute aurrerantzean; hau da, altzariak ez ezik, zurezko lurrak ekoizteko asmoa ere badute; parketak, esaterako. Hain zuzen, lehenengo, zoruekin hasi nahi dute, «berehalako merkatua duelako horrek». Gero, altzariak ekoitziko dituzte, eta segidan ateak eta bulegoetako eta sukaldeetako altzariak.
Bezeroak lortzeak du lehentasuna orain: «Urtarriletik martxora bitartean balizko bezeroekin lotzen ez ditugun kontratuak galdutzat emango dira, eta horrek aurreikusitako jardun ekonomikoa zapuztuko luke», dio Oleagak. Izan ere, egur sektorean martxoan aurkezten dira berrikuntzak, eta orduan hasten dira kontratuak jasotzen. Lantegia berehala martxan jartzen ez bada, beraz, 2015a galdutzat eman beharko dela dio. Enpresako bozeramailearen arabera, badituzte parketa egiten hasteko «hitzezko kontratuak», baina oraindik formalizatu gabe.
Zazpi milioi eurotik gorako hipoteka du 22.000 metro koadroko plantak, eta zama hori kentzea negoziatzen ere ari dira langileak bankuekin. Era berean, lapurretek ere hainbat buruhauste eragin dizkiete. Ateak puskatu, tresnak hondatu eta paretetan zuloak egiteaz gain, «material ugari» lapurtu baitiete: ibilgailuak, makinen bateriak eta koadro elektrikoak, tartean.
SENDOA URRUELA
Virtisuko langilea
«Badirudi ezin garela kexatu, baina baldintzak okertuko zaizkigu»
Urte eta erdi darama langabezian Sendoa Urruelak. Zain dago, enpresak noiz deituko. Agindu zioten 2015eko lehen sei hilekoan hasiko zela lanean. Zallako (Bizkaia) Virtisun aritzen zen. 2012an jarduera eten zuen enpresak, hilabeteak egon ziren kobratu gabe 105 langileak, eta hartzekodunen konkurtsora jo zuen gero. CEL taldea izan zen eskaintza egin zuen bakarra, eta haren esku geratu zen. Komuneko, sukaldeko nahiz industriarako papera egiten du Virtisuk. Bizkaiko Diputazioarekin egindako akordio bat zela medio —harenak ziren Virtisuren lantegi, lur eta makinak—, langile guztiak hartzea onartu zuen CELek, epeka. Ekain aurretik hasi ziren 30en bat, bigarren seihilekoan beste hainbeste, eta datorren urte hasieran gainerakoak.
Azken txanda horretan sartuko da Urruela. «Lana izango dugunez, badirudi ezin garela kexatu, baina baldintzak okertuko zaizkigu». Azaldu du hilean 300 bat euro gutxiago kobratuko dituela, antzinatasuna galdu duela eta kategoria ere ez zaiola errespetatuko. Langabezia saria ere ia guztiz amaitua du, lanean hasi arte pasatutako denboragatik. «Orain, langabezia saritik bizi naiz, baina zaila da 900 eurorekin aurrera egitea, hipoteka, etxeko gastuak, autoaren asegurua... Asko dira gastuak».
Lanean hasiko den arren, etorkizunari kezkaz begiratzen dio Urruolak, luze gabe beste espediente batean sartuz gero eta langabezian geratuz gero, diru laguntza amaitzear lukeelako. «Azken fasekook ere hartuko gaituzte, horretan ez dut zalantzarik. Baina ikusten dugu ez dagoela lanik. Virtisu erosi aurretik, CELek erregulazio espedientea aurkeztu zuen 60 bat langilerentzat, eta orain ere langile batzuek ia ez dute lanik. Bada, beste 30 langilerekin...».
RAUL MENDOZA
Curvados Alzaniako bazkidea
«Langabezia zen beste aukera; orain, inbertsioa dugu txarrenera»
«Dena karta batera jokatu genuen», dio Raul Mendoza Altsasuko (Nafarroa) Curvados Alzaniako bazkideak. Porrot egin zuen enpresak. «Lana bazegoen, asko, baina milioi eta erdiko zuloa egin zuen enpresak, kudeaketa txarragatik. Konkurtsoko administratzailea jarri zen buru eta guztia likidatu zuen». 15 langile zituen enpresak, eta horietatik seik makineria guztiagatik eskaintza egitea erabaki zuten. «Beste eskaintza bat ere bazegoen, guk halako bi eskaintzen zuen. Epaileak erabaki zuen guri ematea, lanpostuak sortuko genituelako. Besteak makinak erosi, koipea eman, eta berriz saltzen zituen».
Behin makinak erosita, pabiloi bat alokatu zuten, langabezia saria kapitalizatu eta kooperatiba sortu. «Beldurra bagenuen, Fogasak ere gehieneko kopurua eman zigun, baina ez zor zitzaigun guztia... Urte eta erdi-edo pasatu genuen, baina gaur egun martxan da enpresa. Urte eta erdi daramagu, ilusioz». Zailena «arazoak etxera eramatea» dela dio. «Lana egiten bagenekien, lehengo sektorean gaude». Sunsundegui dute bezero nagusia.
Abiaraztea ez dela batere erraza izan kontatu du. «Hutsetik abiatu gara. Merkatuan sartzeko egin beharko genuke lanean ari den beste bati lana kendu. Prezioak oso doituta daude, eta guk orduko prezio jakin bat kobratu beharra daukagu, alokairua, gizarte segurantza, kamioia eta telefonoa ordaindu behar ditugulako». Mendoza ez da damutzen hartutako erabakiaz. «Langabezia zen beste aukera, eta Sakanan badakigu langabeziak nolako egurra eman duen. Orain, txarrenera, inbertsioa dugu, eta makineria salduta aterako genuke zerbait». Kooperatiba izanagatik ere, Gizarte Segurantzan kotizatzen dute eta dagoeneko lau hilabeteko langabezia saria pilatu dute.