Herritarrak eta enpresak kexu dira, bankuek mailegurik ematen ez dutelako eta ematen dituztenen truke baldintza gogorrak onartu behar dituztelako. Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentearen iritziz, EBZren likidezia enkanteak izan eta gero, dirua herritarrengandik eta enpresetatik «gertuago» dago.
Alemaniakoetatik izango da, Draghik atzo ondorio hori zuritzeko erabili zuen arrazoi nagusia Alemaniari baitagokio: bigarren enkantean dirua eskuratu zuten 800 bankuetatik 460 alemaniarrak dira, horietatik 430 banku txikiak eta aurrezki kutxak. «Ez dut esaten dirua enpresa txiki eta ertainetara joango denik; baina gertuago dago, behintzat», Draghiren iritziz.
EBZk dirua barra-barra utzi die euroguneko finantza erakundeei. Asko eta merke: ia bilioi bat euro, %1eko interesean eta hiru urtean bueltatzeko. Finantza erakunde askok diru hori negozioa egiteko baliatu dute, dirua %1ean eskuratu eta gero %5-6ko interesa duten herrialdeen zor bonuak erosteko.
«Enkanteek ondorio indartsuak baina konplexuak izan dituzte», onartu zuen atzo Draghik, EBZren Gobernu Batzordearen hileroko bileraren osteko prentsaurrekoan, Frankfurten. Ondorioen artean dago, haren iritziz, laster finantza krisi bat lehertzeko mehatxua uxatzea.
Alemaniak ez du likidezia enkante gehiagorik nahi. Draghik atzo ez zuen zehaztu ea gehiago egingo dituzten edo ez. Orain arteko enkanteen ondorioak ikusi nahi dituzte, ezer egin aurretik. «Orain gobernuen eta bankuen txanda da», erantzun zuen. Alegia, gobernuek erreformak egin behar dituztela, eta bankuek diru kontuak txukundu.
EBZk %1ean eutsi die interes tasei. Gainera, ez dirudi datozen hilabeteetan %1etik jaitsiko dituenik, %2tik gorako inflazioa espero baitu aurten.
Likidezia enkanteek dirua herritarrei gerturatu dietela uste du Draghik
Europako Banku Zentralak %1ean eutsi die interes tasei, eta aurrera begira ez du jaitsierarik iradoki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu