Gizentasuna eta diru falta. Hara herrialderik gehienek gaur egun dituzten arazoetako bi. Posible al da batari zein besteari aldi berean aurre egitea? Frantziako Gobernuak horretan saiatu nahi du, edari azukredunei zerga bat jarrita. Defizita murrizteko planaren barruan proposatu zuen neurria Nicolas Sarkozy presidenteak, abuztu bukaeran. Indarrean jartzen bada kontsumitzaileek ez dutela gehiegi nabarituko esan zuen, lata bakoitza zentimo bat inguru soilik garestituko delako. Diru kutxei, berriz, 120 milioi euro inguruko ekarpena egingo liekeela gaineratu zuen.
Erabakiak haserre handia eragin du sektorean. «Tasa %100 hipokrita da, eta %0 eraginkorra. Aurre egingo diogu», adierazi du Jean Rene Buisson Frantziako ANIA janari industrien patronaleko presidenteak. Coca-Cola izan da zergaren kontra egiten aurrena. Gobernuak iragarpena egin eta biharamunean, Frantzian egitekoa zuen 17 milioi euroko inbertsio bat bertanbehera lagako zuela iragarri zuen, nahiz eta egun gutxira gezurtatu.
Tasa noiz jarriko den indarrean, zein edariri eragingo dion, zenbatekoa izango den eta bestelako xehetasunen gaineko informaziorik ez du eman oraindik herrialdeak. Proposamen hutsa da oraindik. Dena den, Frantzia ez da gizentasuna aipatuta zerga berezi bat jartzen duen lehen herrialdea. Errumania izan zen estreinakoa, iazko martxoan.Janari lasterra delakoei, pastel eta gozokigintza sektoreko elikagaiei, patata frijituei eta edari azukredunei ipini zien.
Komunismoa erori ostean, herrialdean erruz zabaldu ziren janari lasterra eskaintzen zuten saltokiak, batez ere Mendebaldeko herrialdeetako kate handienak. Hainbatek askatasunaren sinbolotzat ere hartu zituzten, aurrez ez zutelako halakoetara joateko aukerarik. Neurri batean, era horretako janarien kontsumo handiak eragin duela gizentasuna diote Errumaniako agintariek.
Janari lasterra osasunarentzat kaltegarria al da, ordea? Zeini ezarri behar zaio tasa, eta zeini ez? Hori izan zen zerga jartzeko orduan aurkitutako arazoetako bat. Shaorma deitzen zaion kebaba da herrialdeko janari tipikoenetako bat. Arkume, oilasko edo txahal haragiarekin egiten da, eta hainbat barazkirekin eta saltsaren batekin nahastuta ateratzen da, ogi mehe baten artean. Kaleetan halakoak saltzen dituzten hainbat postu daude. «Erabiltzen dugun janari guztia freskoa da, eta Errumania bertakoa. Janari lasterra delako zerga ordaindu behar dugu?», galdetu zuen saltzaile batek gobernuak neurria iragarri zuenean, maionesa zela erabiltzen zuten produktu txar bakarra zehaztuta.
Hala ere, proiektuaren berri izan zuenean, Europako Osasun Publikorako Aliantzak gutun bat bidali zion Emil Boc Errumaniako lehen ministroari. Kopia bat eskatu zion, Europako gainerako estatuentzat ere erabilgarria izan zitekeela iritzita. Gerora, hainbat herrialdek erabaki dute antzeko tasak ezartzea.
Zerga, herrialde askotan
Hungaria izan da horietako bat: azukre, gatz, gantz eta kafeina askoko elikagaiei jarri die zerga: 0,37 zentimo produktuko. Neurriari esker, 70 milioi euro lortu nahi ditu gobernuak, eta kopuru hori osasun sistemara bideratu.«Bizitza ez osasuntsua daramatenek gehiago ordaindu beharko dute», adierazi du Viktor Orban lehen ministroak. Haren arabera, 370 milioi euroko defizita du Hungariako osasun sistemak, eta zergak kopuru hori murrizten lagunduko du.
Danimarkak ere zergapetzen ditu freskagarriak, baita gozokiak ere. Era berean, gantz saturatuak zigortu zituen lehen herrialdea izan zen. Suitzak, Finlandiak eta Austriak gauza bera egin zuten gero.
Portugal ere aztertzen ari da. Medikuen Elkargoak egin dio proposamena gobernuari: gantz, azukre eta gatz gehiegi duten produktuak zergapetzeko esan dio. Jakinekoa da herrialdearen egoera ekonomikoa benetan kaskarra dela eta, beste hainbat neurriren artean, osasun sailaren aurrekontua murriztea erabaki duela.Medikuen Elkargoaren arabera, momentu egokia da halako zerga bat jartzeko, herritarren osasuna hobetzen laguntzeaz gain diru kutxei ekarpena egingo liekeelako.
Hain zuzen, azkenaldian asko dira osasunarentzat onak ez diren jakiei zergak jartzearen alde agertu diren adituak. Erresuma Batuko The Lancet aldizkari prestigiodunan publikatutako ikerketa bat da adibideetako bat. Konparatu egin ditu tabakismoaren aurka erabiltzen diren estrategiak eta gizenkortasunaren aurka erabil daitezkeenak.
New England Journal of Medicine aldizkariak ateratarako beste artikulu bat ere bide beretik joan da. 30 mililitroko edukia duen edari bakoitzaren prezioa dolar zentimo bat garestituz gero kontsumoa %10 murriztuko litzatekeela diote Kelly Brownell eta Thomas Frieden ikerlariek. Gaur egun, edari osasuntsuak azukre ugariko freskagarriak baino garestiagoak direla gaineratu dute. Haien arabera, tabakoaren prezioa %10 inguru garestitzen den bakoitzean, kontsumoa %7ren bueltan jaisten da, eta freskagarriekin ere gauza bera gerta daiteke.
Alabaina, guztiak ez daude ados. Indarrean jarriz joan ahala, tokian tokiko janari industriek gogor salatu dute zerga. «Iruzurra» iruditu zaie. «Saltzen ditugun produktuek ez dute ondorio kaltegarririk osasunean, abusuak agian bai, baina kontsumoak ez. Segurtasun arauak betetzen ditugu, ez ditugu gainditzen legeak baimendutako gehiegizko mugak», esan zuen Hungariako industria patronalak. Haren iritziz, gizentasunak gora egin izanaren arrazoia ez da janari azkarraren kontsumoa ugaritzea, baizik eta herritarrek bizimodu sedentarioagoa dutela gaur egun. «Enpresen kontura dirua lortzea, beste helbururik ez du zergak».
Sektoreko enpresek ez ezik, osasun arloko beste aditu askok adierazi dute zergak igotzeak ez duela ezertarako balioko. Osasunarentzat onak ez diren produktuen kontsumoa murriztuko bada prebentzioan inbertitu behar dela diote, batez ere, gaztetxoenen artean. Zergak herritar txiroenei egingo diela kalte gaineratu dute, haiek direlako produktu horien kontsumitzaile nagusiak.
Gizentasunak gora eta gora
Askotariko iritziak sor ditzake zergaren egokitasunak. Ukaezina da, ordea, azken urteetan nabarmen egin duela gora gizentasuna dutenen kopuruak, helduetan nahiz haurretan. Pertsona batek gizentasuna duela esaten da haren gorputz masak 30eko maila gainditzen duenean. Tasa 25 eta 30 artekoa denean, berriz, gehiegizko pisutzat hartzen da.
Mexikon, herritarren %30ek dute gizentasuna, eta %70ek gehiegizko pisua; AEBetan, %28k gizentasuna, eta %68k gehiegizko pisua. Bi herrialde horiek dira gizentasunaren arazoa gehien nozitzen dutenak. Alabaina, Europan ere batez bestekoak handiak dira, OCDEk emandako datuen arabera,%10etik gorakoak ia herrialde guztietan.
Gizentasuna dutenek sortzen duten gastu ekonomikoaz ohartarazi dute. Munduko Bankuak emandako datuen arabera, osasunera bideratutako aurrekontuaren %2 eta %8 artean gastatzen da gizentasunak sortutako arazoei aurre egiten. AEBetan, kopurua hortik gora dabil, %12an.
Era berean, zeharkako kostuak ere handiak dira. Gizentasuna dutenek produktibitate txikiagoa dutela erakutsi dute hainbat ikerketak, baita lanera gehiagotan huts egin behar izaten dutela, elbarritasun gehiago izaten dituztela eta bizi-itxaropen txikiagoa dutela ere. Horrez gain, gizentasunak soldatetan ere badu eragina. Orokorrean, gutxiago irabazten dute gehiegizko pisua duten herritarrek, batez ere emakumeek.
Zergak. Gizentasuna jomuga
Loditasunaz kutxak lodituz
Defizita murrizteko neurrien artean, freskagarriei zerga bat jartzea proposatu du Frantziako Gobernuak. Beste hainbat herrialdek jarri diote dagoeneko. Tasaren eraginkortasunak, ordea, ez ditu guztiak konbentzitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu