Ekonomia

Lokomotoraren erregai merkea

Alemaniak ez du gutxieneko soldata nazionalik, eta langileen laurden batek oso diru sarrera apalak ditu. Hautagaiek diote prekarietateari irtenbidea bilatuko diotela.

Danel Agirre.
2013ko irailaren 22a
09:43
Entzun

Orduko 1,55 euro kobratzen dituen pizza banatzailea. Bulegoan aritzeagatik tarte berean 1,37 poltsikoratzen dituzten langileak. Hotel bateko harreran beharrean ari den eta orduko 26 zentimo kobratzen dituen emakumezkoa.
Alemanian, Meckenburg-Aurrepomerania landerreko enplegu bulego publikotan bildutako kasuak dira hirurak, Die Welt egunkariak argitara emanak. Bere langabezia tasa baxuak eta produktibitateak Europako beste kideak jeloskor jartzen baditu ere, munduko herrialde aberatsenetako batean hauteskunde kanpainako eztabaida nagusia lan prekarietatea izan da.

Enplegu agentzia federalak argitaratu duenez, langileen %25ek ez ditu orduan 9,50 euro egiten, gutxieneko soldata orokorrik ez duen herrialdean. Lituania da Alemaniak baino soldata baxuko behargin gehiago (estatu bakoitzeko batezbesteko lansariaren bi heren baino gutxiago kobratzen dutenak) dituen Europako herrialde bakarra. 1999 eta 2010 artean, gehien irabazten dutenen soldatak %25 igo dira, eta mailaketaren azken koskan daudenenak, %7,5. Inflazioa %18koa izan da.

Schroederren oinordetza

Alemaniar askok hain lansari baxuak zergatik onartzen dituzten ulertzeko ezinbestekoa da sozialisten (SPD) eta ekologisten (die Grünen) koalizio gobernuak duela hamar urte onartutako lan erreformaren zirrikituei begiratzea. Hartz IV deitu zitzaionaren arabera, epe luzeko langabeek merkaturatzeko gogoa azaldu behar dute hilero 382 euro kobratu ahal izateko. Prestakuntza gabeko langile asko ia edozein lan onartzera bultzatzen ditu horrek. Diru sarrera oso apalak dituztenei Hartz IV hori berdin-berdin ordaintzen zaie, laguntza sozial moduan. Horrela, enpresari askok osagarri hori kontutan hartzen dute lanpostuak sortzerako orduan, soldata oso baxuak eskainita. Hartz IVa kobratzen jarraitu nahi duen norbait baldintza horiek onartzera bultzatuta egongo denaren segurtasuna dute.

Stralsundeko (Meckenburg-Aurrepomerania) enplegu bulego publikoak, inguruko enpresen jokabidea aztertu ondoren, haietako batzuk epaitegietara eramatea erabaki zuen. «Langile batzuk orduko 55 zentimo bakarrik egiten ari ziren», arrazoitu zuen Peter Hüfken zuzendariak. Herrialdeko agentzia guztiak gauza bera egin dezaten animatu zituen, laguntza publikoek gutxien ordaintzen dutenentzat lanean ari diren beharginen eskuetan amaitzen dutelako. «Enpresari horiek soldata duinak eskaintzen dituztenei konpetentzia bidegabea egiten diete, gobernuaren funtsak erabilita», zehaztu zuen Hüfkenek. Helburua lantegi horiek baldintzak hobetzera behartzea da, bere bulegoak Hartz IV bezalakoetara bideratzen duen diru kopurua murrizteko.

Izan ere, enplegu bat baduten arren, 1,4 milioi alemaniarrek Hartz IV laguntza ere behar dute, soldata apalegiak dituztelako , 2010eko datuen arabera. Estatuak langabezia sariak ordaintzeko jasotzen dituen kontribuzioen zati handi bat egunero beharrean ari direnen egoera larria arintzeko erabiltzen da.

Steinbruecken karga

Erreformak sortutako tranpa hori ez aurreikusi izana aurpegiratu izan zaio SPDri azken urteotan, eta aditu gehienek bere boto galeraren arrazoi nagusitzat dute (2003 eta 2008 artean 130.000 militante galdu zituen). Konponketa modura, Peer Steinbrueck alderdiko hautagaiak orduko 8,50 euroko gutxieneko soldata nazionala agindu du, kantziler izatera iritsiko balitz.

Kargua bete zuen bere azken alderdikidea, Gerhard Schroeder, hartutako neurriez harro azaldu ohi da, soldata eta kontratu malguek Alemaniaren produktibitatea berrindartu dutelako. Steinbrueckek, aldiz, prekarietatea murrizteko zuzenketak mahai gainean jarri ditu, «sozialki justua delako, ekonomikoki zentzua duelako eta langile askoren erosteko ahalmena igoko lukeelako».

Inkesta guztien arabera hirugarrenez jarraian gobernuan arituko diren demokristauek (CDU), ordea, ez dute gaiari heltzeko aurreikuspenik. Angela Merkelek enpresaburuek eta sindikatuek sektore bakoitzean gutxieneko lansariak adosteko eskumena dutela azpimarratu du, eta lan merkatua gehiago erregulatzeko asmorik ez duela onartu, desorekak haien kasa zuzenduko direlakoan. Ezkerrekoek (die Linke) gizarte segurantza eta politika sozialak zerotik marraztea proposatu dute; gobernuan egoteko aukerarik ez dutela jakinda, aliatu posible bakarrek (SPDk eta ekologistek) beraiekin inola ere elkartuko ez direla argi azaldu dutelako.

Zazpi milioi minilan

Schroederren erreformaren berritasun sonatuena minilanena izan zen. Ikasleek, pentsiodunek eta haurrarekin egon nahi zuten gurasoek osagarri gisa diru sarrera bat izan zezaten sortu zen kontratu mota hori, baina aurreikusitakoa baino askoz ere erabilera zabalagoa eman zaio.

Gaur egun, bost lanpostutatik bat minilana da Alemanian (7,4 milioi, 2012 bukaeran); 5 milioi pertsonentzat, euren enplegu bakarra. Lanpostu gehienak (80%) zerbitzu sektorekoak dira. Enpresariek 15 orduko kontratuengatik zergarik ordaindu behar ez dutenez, merkeago suertatzen zaie hiru minilanekin 45 lanordu nahierara banatzea (jatetxe bateko otorduetan pilatuta, adibidez), langile bakar bati hitzarmen egonkor bat eskaintzea baino.

CDUk tinko defendatu ditu zergarik gabeko lanaldi laburrak. Minilalen sortzaileek, SPDk eta ekologistek, gutxieneko soldataz gain kontratu hauek erabiltzen dituzten enpresariei kontrol estuagoak burutzea proposatu dute, eta lanaldi egonkorretara jauzia emateko tresna berriak martxan jartzea. Ezkerrekoek minilanak debekatuko lituzkete.

Merkelen patxada

Alemaniako ekonomia hain lehiakor egiten duen lan merkatu malguak barne eskaria geldiarazi du azken hamarkadan, adituen arabera. Esportazioek sendo jarraitu badute ere, inportazioek apenas izan dute gorabehera aipagarririk, eta nazioarteko krisi garaian nabarmen jaitsi ziren. Dena dela, azken boladako hazkundearekin batera berpiztu dira.
Bigarren hiruhilekoan BPGa %0,7 hazi zen. Barne eskariak hartu zuen igoeraren zati handiena, %0,5, eta urte bukaera arte tinko jarraitu dezan espero da. Zifra horiek, beste askoren artean, harro erakutsi ditu Angela Merkelek. Minilalen kopurua %0,6 jaitsi zen 2012an, adibidez, sortu zenetik kontratu mota horrek izan duen lehenengo jaitsiera.

Gobernuak lana txukun amaitu duenaren zantzutzat hartu ditu guzti horiek, eta gai korapilatsuen inguruan eztabaida saihesten saiatu da. Kanpaina hozteko Merkelen estrategiak bere ohiko bidelagun izan ohi direnen kritikak eragin ditu. Marcus Kerber Alemaniako Industria Federazioaren buruak, esaterako, CDUri eta SPDri errieta egin die, hurrengo urteetan funtsezko izan daitezkeen eztabaida asko, energia politikarena kasu, apenas jarri direlako mahai gainean. «Duela hamar urte gure arazoa lan kostu itzelak ziren, eta erreformak hori konpondu zuen. Aurrean daukagun hurrengo erronka energiaren kostu gero eta handiagoak apaltzearena da, eta esparru horretan ekimen falta nabarmena da», kexu da Kerber. Merkelek ildoa batere aldatu gabe jarraituko duela agindu du: «Gauzak ondo doazenean, politikariok oso aspergarriak izan behar dugu», zehaztu du, konfiantzaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.