'Brexit'-a

Londresek EBko elikagaientzako mugako kontrolak atzeratu ditu

Inflazio handiari aurre egiteko hartu du neurria. 2024ko urtarrilean sartuko da indarrean, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala

Kamioi bakarti bat Doverko portura (Erresuma Batua) iristen. NEIL HALL (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 29a
16:35
Entzun

Erresuma Batuak berriz atzeratu du Europako Batasunetik esportatutako elikagaientzako mugako kontrolak ezartzea. Horren bidez, enpresei «aldaketarako prestatzeko denbora gehiago» eman nahi die, eta, batez ere, herrialdeko inflazio handiari aurre egin nahi dio. Kontrolak urtarrilean hasiko dira, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala.

Erresuma Batuak 2021eko urtarrilean utzi zuen merkatu komuna, eta bost aldiz atzeratu du elikagaientzako aduanak jartzea. Aitzitik, Bruselak berehala jarri zituen aduanak Erresuma Batutik EBra garraiatzen diren salgaientzat.

Londresek uste du kontrolekin lotutako tramite burokratikoek jakien prezioak garestitu ditzaketela, EBtik datozen produktuen eskaintza murriztuko delako. Brexit-aren lehen hilabeteetan eta pandemia garaian, hornidura arazoak egon ziren Erresuma Batuan; gaur egun ez dago halakorik, baina elikagaiak asko garestitu dira. Iazko udazkenean eta aurtengo neguan %10-11 artean kokatu zen inflazioa. Azkenengo hilabeteetan, behera egin du —%6,8ra uztailean—, baina, hala ere, gobernua kezkatuta dago oraindik ere, eta mugako kontrolak atzeratzea erabaki du.

Dena den, enpresak kexu dira atzerapenek desabantailan jarri dituztelako herrialdeko ekoizleak EBkoen aldean. Gobernuaren datuen arabera, Erresuma Batutik Europarako elikagaien esportazioak %50 murriztu dira. «Uste dut kontrolek onura handiak ekarriko dizkiotela Erresuma Batuko ekonomiari eta merkataritzari. Trantsizio honetan, gobernua prest egongo da enpresak laguntzeko», adierazi du Lucy Neville-Rolfe Kabinete ministroak.

Gobernuaren planen arabera, EBtik Erresuma Batura esportatutako arrisku ertaineko elikagaiek —haragia, esnekiak eta arraina— eta arrisku handikoek aduanako kontrolak pasatu beharko dituzte urtarriletik aurrera, eta Erresuma Batuko osasun baldintzak bete beharko dituzte. Apiriletik aurrera kontrol gehiago ezarriko dituela iragarri du, eta horiek EBko inportazio guztietara zabalduko direla 2024ko urrian.

Otsailean, Rishi Sunak lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Ipar Irlandari buruzko akordioa itxi zuten. Brexit-a ezartzeko azken oztopo nagusia bihurtu zen, eta Londresen eta Bruselaren arteko tentsio iturri bihurtu. Ipar Irlanda EBren aduana batasunean geratu denez —Stormonteko akordioa errespetatzeko—, auzia zen nola bateratu hori Erresuma Batuaren batasunarekin.

Azkenean, bi bideko sistema bat adostu dute: berdea, Ipar Irlandan geratuko diren produktuentzat, eta gorria, Irlandako Errepublikara bidaliko dituztenentzat. Hau da, Bide Berdetik pasatuko direnek ez dute kontrolik pasatu beharko, eta Bide Gorritik pasatuko direnek, bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.