Londresek erdira jaitsi du EBri pagatu beharrekoa eta ordainketa atzeratuko du

EBko aurtengo aurrekontuetan 2.100 milioiko ordainketa gehigarria egin beharrean 1.000 milioikoa egingo du, 2015eko irailera bitartean

George Osborne Londresko Ekonomia ministroa Bruselan, atzo. O. HOSLET / EFE.
Jon Fernandez.
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurten barne produktu gordina kalkulatzeko modua aldatu du Bruselak, eta aldaketak soka luzea dakar oraindik ere. Prostituzioa, droga trafikoa eta I+G ikerketa eta garapenean egindako gastua ere kontuan hartu dute—orain arte bitarteko kontsumo gisa zenbatzen zen I+G, eta aurreratzean inbertsio gisa zenbatuko da—, eta, horrek herrialde bakoitzaren BPGa kasu batzuetan dezente igo duenez, igo egin du herrialde horiek Europako Batasuneko aurrekontuetara eman beharreko kopurua ere. Kalterik handiena Erresuma Batuari egin dio, datorren abenduaren 1erako 2.125 milioi euro gehigarri pagatu behar zizkiolako Bruselari. Londres haserretu egin zen, eta mehatxu egin zuen ez zuela ordainduko. Balio izan dio estrategiak: faktura erdira jaistea lortu du —1.000 milioi euro ordaindu beharko ditu—, eta, gainera, ordainketa zatika egin dezake eta epea 2015eko irailera arte luzatu diote.

Erresuma Batuan hauteskunde orokorrak dituzte datorren maiatzean, eta David Cameron lehen ministroak atzo iragarri zuen ez duela ezer ordainduko datorren uztailera arte, hauteskundeak pasatu arte. Baina neurriak ez dio soilik Londresi eragingo: Herbehereek 642 milioi euro gehigarri pagatu behar dituzte, Italiak 340 milioi, Ziprek 43 milioi eta Maltak 13 milioi.

Frantzia, onuradun nagusia

EBko ekonomia ministroek atzo adostu zuten ordainketa egiteko bederatzi hilabete gehiago ematea estatuei. Egungo legearen arabera, urteroko aurrekontuen kopuru gehigarriak abenduaren 1ean pagatu behar izaten dituzte herrialdeek ordainketa bakarrean, eta atzerapenik izanez gero zigorrak ordaindu behar izaten dituzte. Aurten ez da horrela izango, «egoera berezia» suertatu delako, Kristalina Georgia Aurrekontuetarako EBko presidenteordeak azaldu duenez. Batzordeak lehenbailehen proposatu behar du sistema aldaketa:«egoera berezien» definizioa egingo du, eta aurrekontuetako gehieneko faktura gehigarriari 5.000 eurotan jarriko dio muga.

EBko aurrekontuetara egin beharreko ekarpena urtero berrikusten da, baina aurtengoa kasu berezia izan da BPGa neurtzeko sistema aldatu delako, horregatik onartu dute ordainketa modua ere berezia izatea. Onuradun nagusia Frantzia da 1.100 milioi itzuliko dizkiolako Bruselak, eta, gainera, 2015ean jasoko ditu datorren urteko aurrekontuetan sartzea komeni zaiolako. Espainiari ere mesede egin dio sistema berriak, Bruselak 168 milioi emango dizkiolako bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.