Lopezek milaka lanpostu kentzeko agindua eman duela salatu du ELAk

Zerbitzu publikoak ahuldu eta arlo pribatuari bidea egin nahi diotela deitoratu du sindikatuak

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Enpresa ugarik krisialdia baliatu dute milaka langile kaleratzeko.2008az geroztik, horixe salatu dute sindikatuek ia egunero. Orain arte, sektore pribatuan gertatu izan da enplegu suntsiketa nagusia, baina, ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak arlo publikora ere eraman nahi du. Xabier Irastorza sindikatuko Irakaskuntzako arduradunaren arabera, Patxi Lopezen gobernuak «inoizko erregulazio espedienterik larriena planteatu du administrazio publikoan».

Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak administrazioko langileen soldatak ordaintzeko aurrekontua murrizteko jarraibide berriak ezarri dituela salatzeko, agerraldia egin zuen atzo Irastorzak, Izaskun Garikano ELAko Gizalan federazioko idazkari nagusiarekin batera. Sindikatuko ordezkarien esanetan, «zerbitzu publikoek inoiz izan duten erasorik larriena» da Lakuak abiatutakoa eta, langileen kontrako kolpea izanik, ELAren kontrako «gerra adierazpena» ere badela ziurtatu dute.

Jaurlaritzak ezarritako irizpide horiek sei hilabetetik beherako gaixoaldiak edo baimenak ez betetzeko agintzen dute, irakaskuntzan izan ezik, non bosgarren egunetik aurrera beteko diren, «beharrezkoa dela erabakitzen dutenean». Horrez gain, lanpostu berriak sortzea, aparteko lan zama dagoenean behin-behineko langileak hartzea edota aurten hil edo erretiroa hartutako langileak ordezkatzea galarazten die aginduak zerbitzuburuei.

Milaka lanpostu gutxiago

Sindikatuek eta Lopezen gobernuak 13.000 lanpostu egonkortzeko akordioa sinatu zuen iaz EAEko administrazioko mahai orokorrean. Irizpide berriekin agindutako lanpostuen erdiak, hau da,5.700 ez dira sortuko, eta, horrez gain, aurten tituludunak ziren egiturazko 1.100 lanpostu desagerraraziko dituztela gaitzetsi du Garikanok. Izan ere, 2010ean erretiroa hartu dutenak edo zendu diren langileak ez dituzte inoiz ordezkatuko.

Politika horrekin aurrera jarraituz gero, datozen urteetan are lanpostu gehiago galduko direla ohartarazi du ELAko kideak: 2.000 Osakidetzan eta 1.500 irakaskuntzan, hain zuzen ere. Jarraibide honek arlo publiko osoari kalte egingo diola nabarmendu eta, «zerbitzua ematen dutenek ez ezik, herritarrek ere ordainduko» dutela esan du. Dagoeneko, gabeziak Osakidetzan pairatzen hasi direla salatu dute, «baita larrialdi zerbitzuetan ere, Gurutzetako ospitalean kasu».

ELAren ustez, Jaurlaritzak zerbitzu publikoak «ahultzeko» helburua dauka, «noiz eta gizarteak gehien behar dituenean». Halako neurriekin, «arlo pribatuari bidea egin» nahi diola uste du Garikanok, «negozioa egin dezaten». Adibidea ere jarri zuten mahai gainean atzo, Herrizaingo sailburuak ertzainburu guztiei bidalitako gutuna erakutsita. Gutun horretan, ertzainen ordez segurtasun pribatuak har ditzakeen lanpostu guztien zerrenda egiteko eskatu die Aresek.

Enplegu publikoa urritzeko asmoen kontra, «mobilizatzen jarraituko» dutela esan du ELAk.



Irizpide berriak

Ordezkapenak. Gaixoaldian edo baimenetan dauden langileak ez dira ordezkatuko egoera sei hilabetez luzatzen ez bada.

Aparteko lana. Lan zama gehiegizkoa denean ere, ez da beste langilerik hartuko.

Lanpostuak kendu. Ezinbestekotzat ez dituzten lanpostuak kentzea proposatzn du eta 2010ean erretiratu edo hil diren langileak ez dira ordezkatuko.

Berririk ez. Iaz hitzartutako lanpostu berrien sorrera bertan behera gelditu da.

Zama lankideei. Hutseneek eragindako lan zama lankideek hartuko dutela ezartzen da.

Baldintzapean. Baimenak onartzeko zerbitzuaren beharrizanak aztertuko dituzte eta oporrak ere berrantolatu ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.