Pentsioak

‘Baby boom’-aren belaunaldikoek pentsio txikiagoen eta erretiroa atzeratzearen artean hautatu beharko dute

«Belaunaldien arteko berdintasun tresnaren» bitartez, baby boom-aren belaunaldiko erretiratuei «ahalegin gehigarri» bat eskatuko die Espainiako Gobernuak. Pentsioen erreformaren lehen zatia izenpetu du, sindikatuekin eta patronalarekin

Pentsioen erreformaren sinadura ekitaldia, Moncloan. BALLESTEROS / EFE
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 1a
13:10
Entzun

Pentsioen erreformaren lehen zatia berretsi duen agiriaren tinta lehortu gabe zegoela, ireki da bigarren zatiari buruzko eztabaida. Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak hasi du dantza, gobernuaren asmoa zein den mahai gainean jarrita: «Ahalegin gehigarria» eskatuko die baby boom-aren belaunaldikoei. Hau da, 1958tik 1975-1977 arte jaiotakoek beren aurrekoek eta beren ondorengoek baino pentsio txikiagoak espero beharko lituzkete. Alternatiba bat eman die ministroak: lan gehiago egitea.

Atzo eguerdian sinatu zuten pentsioen erreformaren lehen zatia Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak, Pepe Alvarez UGTkoak, Antonio Garamendi CEOE patronaleko buruak eta Santiago Aparicio CEOEko lehendakariordeak (Cepyme enpresa txikien patronala ordezkatzen). Pentsioen inguruan 2011z geroztik sinatutako lehen akordioa dela nabarmendu zuen Sanchezek, eta pentsioen erosteko ahalmena bermatzen duela.

Onartutako neurrien artean dago 2022. urtetik aurrera pentsioak aurreko urteko batez besteko KPIaren arabera igoko direla. Erretiroa aurreratzen dutenei gehiago zigortzea —pentsioa txikituz— eta atzeratzen dutenei saria ematea —pentsioa handituz— ere hitzartu dute. Gizarte Segurantzak kotizazioen bidez ordaintzen dituen gastu batzuk aurrerantzean aurrekontuen bitartez ordaintzea ere dakar erreformak.

Bigarren zatia, zailena

Erreformaren bigarren zati bat geratzen da lotzeko, agian zailena, haren bitartez kontrolatu nahi dutelako hurrengo urteetan gastua gehiegi ez handitzea. Neurrietako bat izango da jasangarritasun faktorearen ordezkoa. «Belaunaldien arteko ekitate tresna» deitu dio Escrivak, eta azaroaren 15era arteko epea dute hitzartzeko, 2022 hasieran indarrean sartuko den pentsioaren legean joatekoa baita.<br />Jasangarritasun faktorea 2013ko erreforman txertatu zuen Espainiako orduko gobernuak, PPren esku zegoenean. Pentsioen zenbatekoa bizi itxaropenarekin lotzen zuen faktore horrek, eta urte gutxiren buruan pentsio berrien zenbatekoa %30 txikituko zela kalkulatu zuten sindikatuek. «Gaizki diseinatuta zegoen», argudiatu du Escrivak, TVEn, «urte batzuetan kontzentratuta dagoen arazo bat» —baby boom-aren belaunaldiak erretiroa hartzen duenean pentsio sistemak izango duen gastu handia— epe mugarik gabeko faktore batekin konpondu nahi zuelako.

Horregatik, Espainiako Gobernuak proposatuko duen sistemak «ahalegin gehigarria» eskatuko die 1950eko hamarkadaren amaieratik 1970eko hasierara jaio zirenei. «Doikuntza nahiko moderatua izango da, Espainiak ez baitu arazo larririk pentsioekin. [...] Hautatu beharko dute doikuntza txiki baten eta gehiago lan egitearen artean. Oraindik xehetasunak findu behar ditugu».

Kotizazio urteen luzapena

Eztabaida handia sor dezakeen beste gai bat pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren kotizazio urteena da. Lan bizitzaren azken hamabost urteak ziren azken erreformen aurretik, baina 2013tik urtero beste urte bat gehitzen da. Aurten, kotizatutako azken 24 urteak hartzen dira aintzat, eta azken 25ak izango dira datorren urtean, trantsizio epea amaitutakoan. Langile gehienentzat, lan bizitzako azken urteak izan ohi dira emankorrenak, eta horregatik epea luzatzeak pentsioa txikitu egiten die.

Epe hori 35 urtera luzatzeko aukera aipatu zion Espainiako Gobernuak berak Europako Batzordeari, baina Unidas Podemosko ministroen haserreak neurri batean atzera egitera eraman zuen exekutiboa. Escrivaren arabera, orain aztertzen ari diren neurria da epe luzatzea, baina langileak kotizazio txikieneko urteak kendu ahal izatea. Horrek lagun diezaieke lan bizitzaren azken urteetan enplegua galtzen dutenei, eta zaintza kontuengatik edo beste batzuengatik beren lanaldia murriztu dutenei.p>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.