Aurrekontuak

Lurralde oreka eta gizarte politikak izango ditu oinarri Arabako aurrekontuak

Zorrik hartu gabe izandako inoizko aurrekonturik handiena aurkeztu du aldundiak 2019rako: 517,12 milioi eurokoa. 

Ramiro Gonzalez eta Jose Luis Cimiano kontuen aurkezpen agerraldian, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2018ko azaroaren 13a
15:42
Entzun

“Hazten ari den lurraldea da Araba, etorkizuna begiz jota duena”. Hala nabarmendu du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak 2019ko aurrekontu proiektua aurkezteko agerraldian. Eta, haren hitzetan, hori bera islatzen dute datorren urteko kontuek. Izan ere, 2019ko aurrekontuak %7,5eko igoera izan du aurtengoarekin alderatuz gero: 517,12 milioi euro izango baititu aldundiak gastatzeko heldu den urtean, 2018an baino 36,1 milioi gehiago, hain zuzen ere. 

Arabako Foru Aldundiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena da. 2011an gainditu zen soilik zenbateko hori: 518 milioiko aurrekontua izan baitzuen. Ordu hartan, baina, zorra baliatuta iritsi ziren zenbateko horretara. Heldu den urtean, aldiz, ez du zorrik hartuko diputazioak; are, zor metatuaren zati bat amortizatuko du. Ahaldun nagusiak azaldu duenez, legealdi honetan 42,8 milioi amortizatzea lortu du aldundiak: “Lau urte hauetan inbertsioak sendotu ditugu, eta gizarte politikak hobetu, kudeaketa egokia eginez eta kontuak onbideratuz”, adierazi du.

Hazkunde orokarrari esker, sail guztietan egin du gora aurrekontuak. Nabarmentzekoak dira, baina, gizarte politiketara eta lurralde oreka hobetzera bideratutako ekarpenaren igoerak. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrekontua 212,39 milioi eurokoa izango da, adibidez; %4,12 egin du gora urtebetean. Aldundiaren arabera, gastu propioaren ia %48 da gizarte zerbitzuei bideratutakoa. Ildo horretan, Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak adinekoen arretarako gordetako diru saila nabarmendu du: 81,4 milioi eurokoa izango da. Tokiko erakundeen eta lurralde oreka ere jarri du diputatuak lehentasunen artean. Aurten baino 25 milioi gehiago bideratuko ditu horretarako 2019an: 275,19 milioi euro guztira (%10eko igoera izan du).

Iaz hasitako “inbertsio ziklo berria sendotu” asmo du aldundiak heldu den urtean, Gonzalezek azpimarratu duenez. 2019an, bada, 111,63 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara. Tartean, 38,53 milioi azpiegitura eta mugikortasunerako.

 

Kontuak onartzeko laguntza

EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak laguntza beharko du legealdiko azken kontuak onartu ahal izateko, halere. EH Bilduren botoei esker onartu zituen kontuak aurreneko bi urteetan, eta PP izan zuen bazkide gobernuak iaz. Ramiro Gonzalezek ez du kezkarik azaldu zentzu horretan: “lanean” ari direla zehaztu du, eta gainerako alderdi politikoekin hitz egiteko prest azaldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.