Argentina

Macrik BEZa kendu die oinarrizko produktuei

Argentinako presidenteak zenbait neurri iragarri ditu igandeko primarioek eragindako egoerari aurre egiteko.

Mauricio Macri Argentinako presidentea, primarioen emaitzak jakin eta gero emandako prentsaurrekoan, astelehenean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 16a
16:42
Entzun

Igandeko hauteskunde primarioetan Alberto Fernandez hautagai peronistak lortutako emaitza bikainek ezegonkortasuna eragin dute Argentinako ekonomian. Bere balioaren %20 baino gehiago galdu du Argentinako pesoak, eta horrek areagotu egingo du inflazioa.

Egoerari aurre egiteko, eta urriaren 27ko hauteskundeen lehen itzuliari begira, zenbait neurri hartuko dituela iragarri du Mauricio Macri presidenteak. "Astelehenean sortu zen egoera dela eta, salbuespenezko neurri bat hartu dut: BEZa kenduko diegu familia argentinarrek kontsumitzen dituzten oinarrizko produktuei", iragarri zuen mezu grabatu baten bidez. Urte amaierara arte BEZ zergarik izango ez duten produktu horiek ogia, esnea, pastak, mate belarra, arroza eta azukrea dira, besteak beste.

Ez da BEZarena izan iragarritako neurri bakarra. Gutxieneko soldata igoko du Macriren gobernuak —ez du esan zenbat igoko duen—; 2.000 pesoko (32 euro) soldata gehigarri bat emango die hilero soldatapeko langileei; eta erregaiaren prezioa izoztuko du datozen 90 egunetan. Autonomoei ere zergak jaitsiko dizkie, hezkuntza bekak igoko ditu eta estatuko segurtasun indarrei ere emango die soldata gehigarri bat.

Merkatuek Argentinari ezarritako zigorra gelditu zuten atzo, eta apur bat lehengoratu zen pesoa. Macrik Fernandezekin hitz egin zuen elkarrizketa mantenduko zutela ziurtatzeko, eta primarioen garaileak argi utzi zuen, berriz ere, Argentinak bere zorraren nazioarteko hartzekodunei ordaintzeko "asmo osoa" duela. Hartzekodunen artean dago Nazioarteko Diru Funtsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.