Frantziako Gobernuaren proiektu ekonomiko nagusia da Macron legea, hainbat sektore liberalizatu eta horren bitartez hazkunde ekonomikoa bultzatzea asmo duen proiektua. Gaur arratsaldean bozkatu behar zuen Frantziako Asanblea Nazionalak, baina haren aldeko gehiengorik ez zuela ikusita, bozketa eteteko eskumena erabili du Manuel Valls lehen ministroak. Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikuluak lege proiektu baten eztabaida eteteko aukera ematen dio gobernuari, eta 24 orduko epe bat zabaltzen du. Tarte horretan zentsura mozio bat aurkezteko aukera ematen die diputatuei, eta aurrera egitekotan, gobernua bera erortzen da. Gobernuak konfiantza lortuz gero, legegaiak bozketarik gabe egiten du aurrera.
UMPk eta UDIk zentsura mozioa aurkeztu dute. Ostegunean da bozkatzekoa eta, pentsatzekoa denez, ez du aurrera egingo, gobernuaren ildo berriarekin kritiko diren PSko frondeur edo diputatu haserretuek ez dutelako haren alde egingo. "Nik ez dut gobernua zentsuratu nahi, haren politika aldatu nahi dut", argudiatu du haietako batek, Pascal Cherkik.
Zentsura mozioak porrot egiteko itxura izan arren, eskuinak ez du aukera galdu gobernuaren ahultasuna nabarmentzeko. "Egun garrantzitsuan egia azalaratu du: ez dago ez gehiengorik, ezta gobernurik ere", esan du Nicolas Sarkozy UMPko buruak, txio batean, eta gogorarazi du bera agintean izan zen bost urtetan ez zuela behin ere artikulu hori baliatu. Eskuineko gobernuburu bat izan zen erabiltzen azkena —Dominique de Villepin—, baina Jacques Chirac presidente zela.
Baina eskuinak ere baditu bere kontraesanak: Macron legearen atal gehienekin ados zeuden, eta gobernuari aurka egitearren eman behar zioten aurkako botoa. Berez, zentrista batzuk legea sostengatzeko prest zeuden. PSko frondeur edo diputatu suminduek ez ezik, legearen kontrako botoa eman behar zuten UMP eskuineko alderdiko gehienek, Ezkerreko Frontekoek eta ekologista gehientsuenek. UDI zentristako batzuek eta ezkerreko erradikalek, berriz, aldeko botoa iragarri zuten.
Lehen aldia da 2006az geroztik Frantziako gobernu batek 49.3 artikulua erabiltzen duena. Lehendakaritzarako hautagai zenean artikulu horren aurka gogor mintzatu zen François Hollande.
Gobernuaren ahultasuna
Ataka gaindituta ere, higadura politiko handia jasango du Gobernu sozialistak, inoiz baino ageriago geratu delako bere gehiengoaren ahultasuna eta bere mezu batzuren inkonsistentzia. Izan ere, oposizioan zegoenean Konstituzioaren 49.3 artikuluaren aurka epelak bota zituen François Hollande oraingo presidenteak: "Astakeria bat da, demokraziaren ukazioa".
Baina kontraesan horiek bigarren maila batean utzi ditu Hollande-Valls bikoteak, jokoan zegoena ez baitzen lege soil bat, duela urtebete abian jarritako ildo sozial-liberalaren proiektu izarra baizik. "Ezerk ez gaitu uko egitera eramango, ezerk ez gaitu gibelaratuko", iragarri zuen Vallsek, "interes orokorraren" izenean Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuko zuela iragarri zuenean.