Bost egun gelditzen dira Espainiako Gobernuak onartutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioen arau bereziaren azken luzapenak indarra galdu aurretik, eta enpleguari eusteko funtsezko tresna izan den horrek udan ere indarrean egon behar duenez —Madrilek horrela erabaki duelako—, erlojuaren aurka ari dira negoziatzen UGT eta CCOO sindikatuak, eta CEOE patronala Lan eta Gizarte Segurantzako ministerioekin. Orain arte, eragile sozialen oniritziarekin egon dira indarrean pandemiari lotutako enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bereziak, baina araudi horren azken luzapena izan daitekeena gobernuak bere kabuz egingo du, beharbada, patronalak uko egin baitio Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren azken eskaintzari. Horrek badu lehen eragin bat: Ministro Kontseilu berezi bat deitu beharko du exekutiboak luzapena onartzeko, akordioz izan ala ez, gaurkoa baitzen azken kontseilua, oraindik indarrean dagoen araudia iraungi baino lehen (maiatzaren 31).
"Alde baten erantzunaren zain gaude, gure azken eskaintza egin ondoren, baina ez dago akordiorik, momentuz", esan du Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak; "gobernuak ez du zalantzarik: datozen orduetan itun berri bat egongo da; izan ere, entrenamendua dugu horretarako, jakinduria nahikoa eta elkarren arteko konfiantza mahaian gaudenon artean".
Baina non dago desadostasuna? Escriva ministroaren eskaintzak jasotzen du erregulaziotik ateratzen diren langileen kotizazioetan abantailak izatea enpresek, baina erregulazioan jarraitzen dutenen kotizazioetan apur bat galtzea. Alegia, orain arteko logika hautsita, lanera itzultzea sarituko luke araudi berriak. Logika horri ezetz esan dio CEOEk, eta, oraingoaz, sindikatuak bat datoz patronalarekin. Uda amaitu artean, orain arteko arauak indarrean egotea nahi dute eragile sozialek, eta gobernuak uste du badela garaia aldi baterako erregulazio horietan egoera berri bat islatzen hasteko, turismoak aldatuko duen egoera hobe bat, hain zuzen.
Milaka euskal langile
CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok, dena den, garbi utzi du enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bereziak ez daudela arriskuan, "alde guztiek argi dutelako indarraldia luzatu behar dela". Alegia, baliteke CEOEk ezetzari eustea, baldin eta Gobernuak ez badu lortzen eskaintza erakargarri bat egitea harentzat, baina sindikatuek nekez esango diote ezetz langileek beren enpleguei eusteko oinarrizkoa den tresna ez luzatzeari. Akordioarekin edo gabe, aldi baterako espedienteak luzatzea nahi dute CCOOk eta UGTk, baita CEOEk kanpoan geratzea erabakitzen badu ere.
Apirilaren amaieran 32.474 langile zeuden Hego Euskal Herrian, aldi baterako enplegu erregulazioan, martxoa bukatu zenean baino 2.522 gutxiago. Aldi baterako erregulazioan daudenetatik, bi herenek ez dute batere lanik egiten, eta besteek, partzialki. Iazko apirilean jo zuen goia ABEEn zeuden langileen kopuruak: 230.000.
Gizarte Segurantzan 600.000 langile geratzen dira enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean oraindik, alarma egoera atzean geratuta, ekonomia suspertzen hasi den arren. Pandemiaren gordinean, hiru milioi eta erdi langile egon ziren araudi berezi horiei loturik.