Hurrengo urteko otsailean jarriko da indarrean Kyotoko Hitzarmena, Errusiak, azkenean, parte hartzea erabaki ostean. Hitzarmenaren xedea Lurraren berotzea eta haren ondoriozko klima aldaketa eragoztea da. Eta, hitzarmen horri begira, Europako Batzordeak berotegi efektuko sei gasen isurketen hazkundea eten nahi du hasieran eta, epe luzeagoan, isurketak murriztu. Horretarako, arau bat ezarri du, Europako Batasuneko herrialdeetan ezartzeko.
Arauak, lehen fasean (2005-2007), energia eta industria sektore zenbaiten elektrizitatea, findegiak, siderurgia, zementua, beira, zeramika eta papergintza karbono dioxido isurketa ukituko ditu. Gehien kutsatzen duten instalazioek muga bat izango dute CO2 dohainik isurtzeko. Eta, muga gaindituz gero, kutsatzeko eskubideak erosi beharko dituzte. Aldiz, baimendutakoa baino CO2 gutxiago isuriz gero, sobran dituen isurketa eskubideak saldu ahal izango dituzte. Hain zuzen, arauaren ekarpen nagusia kutsatzeko eskubideen salerosketarako merkatua da. 2005. urtearen hasieran abian jarriko den merkatuarekin isurketa murrizteko gastua %20 txikiagoa izango dela uste dute Europako agintariek. Estatuek, lehenik eta behin direktibak ukitutako sektore bakoitzak doan zenbat karbono dioxido isuri dezakeen erabaki dute. Orain, sektoreko kopurutik instalazio bakoitzari zenbat dagokion erabakitzen ari dira. CO2 isurtzeko eskubideak behar dituzten Hego Euskal Herriko instalazioentzako eskubide kopuruaren berri atzo eman zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak. Azkenean, 82 instalaziok jaso dituzte eskubideak.
Oso epe txikiak
Instalaziokako emisio isurketa eskubideen zerrenda atzotik da publiko Espainiako Ingurumen ministerioaren webgunean, eta han egongo da datorren ostiraleko 17:00ak arte. Atzo publiko egindako zerrendarekin eta jasotako emisio eskubideen kopuruarekin ados ez dauden instalazioek epe hori izango dute banaketari alegazioak aurkezteko. Abenduaren bigarren hamabostaldian espero da Madrilek behin betiko Isurketen Espainiako Plana onartzea. Orduan plana Bruselara eramango du, han oniritzia jaso dezan urtea amaitu aurretik.
Eskubideak eskatzeko hilabete eskas izan dute enpresek, eta, orain, alegazioak egiteko astebete soilik izateak haserrea piztu du hainbat leku eta sektoretan.
INGURUMENA. GAS ISURKETEN ESKUBIDEAK
Madrilek banatu ditu karbono dioxidoa isurtzeko eskubideak
Hego Euskal Herriko 82 instalaziok astebeteko epea dute soilik banaketari alegazioak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu