Madrilek hornidura handiagoak eskatuko dizkie banku guztiei

Ustez arazorik ez duten etxegintzako maileguengatik 20.000 milioi baztertu beharko dituzte gutxienez

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Emilio Botin eta enparauen presio handiei muzin egin die Espainiako Gobernuak, eta etxegintzari lotutako mailegu ustez osasuntsuegatik ere diru gehiago baztertzera behartuko ditu bankuak. Efe agentziak aurreratu duenez, urte hasieran eskatutako 54.000 milioi euroko hornidurei beste 20.000 eta 40.000 milioi artean batuko zaizkio.

Neurriak ondorio zuzenak izango ditu bankuen diru kontuetan, eta haietako asko galeretan sartuko dira. Banku batzuek —Kutxabankek, esaterako— iazko irabaziak eta urteko lehen hiruhilekokoak sakrifikatu zituen Espainiako Gobernuak exijitzen zizkion hornidurak ahalik eta lasterren egiteko. Nafarroako Kutxaren bankuak, Banca Civicak, berriz, Caixabanken besoetara bota zuen bere burua, eskatzen zitzaion dirua bere kasa lortzerik ez zuela onartuta.

Etzi jakinaraziko du Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak zehazki zer eskatuko dien bankuei, eta horren arabera atera beharko dituzte kontuak. Azken erreformaren bidez aktibo osasuntsuen %7 hornitzera behartu zituen. Efek dio %30era ere iritsi daitekeela kopuru hori, nahiz eta litekeena den aktiboaren araberakoa izatea portzentai hori: hornidura handiagoa zoruarentzat —oso zaila da orain ezer eraikitzea— eta txikiagoa bukatutako etxebizitzentzat —prezio apalagoetan bada ere, batzuk saltzen dira—. Espainiako bankuen egoeraz fio ez diren merkatuak lasaitze aldera, Madrilen asmoa da hornidurak aurten bertan egin behar izatea.

Aipatutako neurriak 140.000 milioi euroko mailegu «ez problematikoei» dagozkie. Ikusteke dago hornidura gehiago eskatuko ote dituen jada toxikotzat jotako aktiboen truke —180.000 milioi eurokoak—. Azken erreformaren bidez, zoruaren %80 estalita izan behar dute, abian dauden proiektuen %65 eta bukatutako etxe eta eraikinen %35.

Bankia berregituratzeko plana

Etziko Ministroen Kontseiluan ere iragarriko du Espainiako Gobernuak zer sistema aukeratuko duen bankuei aktibo toxikoak garbitzen laguntzeko. Uste denez, akzio bihurtu daitezkeen bonuak emango dizkie. Bankia da, hain zuzen ere, laguntza publiko handiena beharko duen bankua. Dagoeneko 33.000 milioi jaso ditu: 28.500 milioi Altxorreko bermeetan eta 4.500 milioi FROB funtsaren maileguetan.

Bankiaren egoerak kezka bizia sortu du Europan ere. Atzo, Joaquin Almunia Lehiarako komisarioak oroitarazi zion atzo Espainiari banku horren berregituraketari buruzko plan zehatza igorri beharko diola.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak, berriz, finantza erakundeekiko tratuan berdintasunez jokatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, bai finantza sistema berregituratzeko orduan, bai Bankia diru publikoa erabilita salbatzeko orduan. Fernandezek adierazi du operazioaren inguruan iritzirik eman aurretik nahiago duela letra txikia irakurri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.