Espainiako Gobernuak Rugui siderurgia taldea erreskatatuko du, 25,03 milioi euroko laguntza publikoarekin. Aurreikusita dago gaurko Ministroen Kontseiluan berrestea erabakia. Enpresa horrek eta bere filialek lantegiak dituzte Euskal Herrian, Azkoitian (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia) eta Beriainen (Nafarroa). Egoitza Sorian (Espainia) du. Guztira, 300 zuzeneko langile ditu eta 1.000 zeharkako. Bereziki, autogintzarako eta eraikuntzarako altzairuak ekoizten ditu.
Espainiako Gobernuak iazko uztailean sortu zuen COVID-19agatik kaltetutako enpresak erreskatatzeko funts berezia, eta ordutik beste sei enpresarekin erabili du: Air Europa, Avoris, Plus Ultra, Duro Felguera eta Tubos Reunidosekin. Azken horrekin batera, lagundutako altzairugintzako bigarren taldea izango da.
Sektoreak azken hilabeteetan susperraldia bizi duen arren, COVID-19 dela-eta enpresa batzuk zailtasun handiak izaten ari dira pandemiaren aurretik zituzten arazoei aurre egiteko. Ruguik azaldu duenez, bere negozioa ahuldu egin zen 2019an hiru faktorerengatik: Alemaniako merkatuaren geldialdiagatik, brexit-agatik edo AEBeek altzairuari jarritako muga zergengatik.
Ruguik jasoko duen 25,03 milioi euroko laguntza bitan banatuko da: 13.525.000 euroko partaidetza mailegua jasoko du eta 11.500.000 euroko mailegu arrunta.
Erreskate funts berezia kudeatzen duen batzordeak laguntza hori onartzea erabaki du enpresaren egoera ekonomikoa eta juridikoa zein den aztertu eta enpresak bideragarritasun plan bat aurkeztu ondoren.
Bere negozio planean taldeak nabarmendu du 2023rako bere produktuak karbonoan neutroak izatea aurreikusten duela. Ruguik, Euskal Herrian jarduten duten gainerako altzairutegi guztiek bezala, labe elektrikoak erabiltzen ditu eta txatarra birziklatzen du, batez ere automobilgintzak sortzen duena.