Tubos Reunidosek Espainiako Gobernuaren erreskatea eskatu du

Enpresa estrategikoak laguntzeko funtsera jo du. Argudiatu du pandemia dela-eta geldiarazi egin behar izan dituela kontratatutako proiektuen %50 baino gehiago, eta kontratazio berriak etenda daudela

Tubos Reunidoseko bi langile, tutuak ekoizteko labe baten aurrean. TUBOS REUNIDOS.
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Bizirik irauteko diru publikoa beharko du Tubos Reunidosek, edo eskaera hori egin du behintzat. Petrolio produkzioaren beherakada dela eta, duela urte batzuetatik hona egoera larrian dago Amurrioko enpresa (Araba), azken urteetan pilatutako zorrari eutsi ezinda. Orain, bankuen atea jo beharrean, COVID-19ak kalte egindako enpresa estrategikoak laguntzeko funtsera jo du, Espainiako Gobernuak sortutakora. 115 milioiko laguntza bat bere gain hartzeko eskatu dio. Zehazki, 100 milioi euroko partaidetza mailegu bat, eta hamabost milioiko beste mailegu arrunt bat, 2021ean partaidetza mailegu bihur daitekeena. Taldeak ohar batean zehaztu duenez, COVID-19a dela-eta aldi baterako eten behar izan ditu hitzartutako proiektuen %50 baino gehiago, eta kontratazio berriak ere ez ditu lortzen, merkatua geldirik dagoelako.

Madrilek iazko uztailean sortu zuen enpresa estrategikoak erreskatatzeko funtsa, Europako beste herrialde batzuek egin duten bezala, eta Europako Batasunaren ezohiko babesarekin. Halakoak debekatu edo asko mugatu izan ditu Bruselak, baina, pandemiagatik, malgutu egin ditu enpresek laguntza publikoak jasotzeko araudiak. Europan, bereziki aire konpainiak erreskatatu dituzte. Madrilek orain arte bakarra jakinarazi du, eta sektore horretakoa da: Air Europa (450 milioi euro). Madrilen funtsa 10.000 milioi eurokoa da. Ez du beste esku hartzerik jakinarazi, baina dozena bat enpresa inguruk aurkeztu omen dute txostena —haien baimenik gabe ezin da jakinarazi—. Horien artean legoke Kataluniako Celsa altzairutegi taldea ere —Gasteizen eta Baionan lantegiak ditu—.

Tubos Reunidosek atzo jakinarazi zuen egina duela eskaera, baina, onartua izateko, aldez aurretik azterketa sakon bat gainditu beharko du, besteek bezala. Eta ez du erraza izango. Tutugilearen ustez, funts berezi horren laguntza jasotzeko baldintzak betetzen ditu, «trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako (berriztagarriak eta hidrogenoa, esaterako) funtsezko enpresa bat» dela argudiatuta.

Espainiako Gobernuak uztailaren 21ean hartutako erabakian jasotzen denez, baina, estrategikoez gain, 2019aren amaieran euren egoera ekonomikoa ona zela frogatzen duten enpresak baino ez ditu erreskatatuko gobernuak. Hau da, koronabirusa azaldu aurretik bideragarriak zirela erakutsi behar dute. Eta luzera begira ere frogatu behar dute hori, besteak beste laguntzak interesekin itzultzeko gai izango direla erakutsiz. Hor izan dezake arazoaTubos Reunidosek: zor handi bat dauka aurretik pilatua, bankuei itzuli ezinda.

Estrategia aldaketa, etenda

Euskal Herriko enpresa handienen artean, bera da egoera okerrenean daudenetako bat. Taldea 2019an hasi zen ekoizpena «balio erantsi, prezio eta marjina handiagoko hodietara» bideratzen, energia berriztagarrietara. Hala ere, konpainiak aitortu duenez, COVID-19ak eten egin du eraldaketa prozesu hori, sektore horrek ere asko nabaritu duelako krisia.

Tubos Reunidos hasia zen pixkanaka aldentzen petrolioaren negoziotik, eta AEBetako merkatutik, altzairua inportatzeari ezarritako muga zergengatik. Enpresak berak aitortu duenez, asmoa zen hurrengo urteetan herrialde horrekiko menpekotasuna gutxitzea eta bezeroen zorroa beste merkatu batzuetara zabaltzea, bereziki Ekialde Hurbilera eta Afrika iparraldera. Azken bi urteetan %14 murriztu du AEBetarako produkzioa —egun hara esportatzen du ekoizpen osoaren %25—. Dena den, konpainiak azpimarratu du egungo krisia beste merkatuetan ere nabari dela. Gogoratu du bere produkzioaren %80 Iberiar penintsulatik kanpo saltzen duela.

Bost urte jarraian galerekin

Konpainiak jakinarazitako azken datuen arabera, 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan 59,3 milioi euroko galerak izan zituen, aurreko urteko epe berean izandakoak halako bi baino gehiago. Hortaz, bosgarren urtez jarraian pilatuko ditu galerak. Horrekin batera, 350 milioi euroko zorrari buelta ezin emanda dabil aspalditik.

Hori epe barruan ordaintzeko arazoak zituelako, iazko udan beste behin berritu egin zuen bankuekin zuen akordioa, eta horrekin batera beste hamabost milioi eskatu zituen COVID-19aren eraginei aurre egiteko.

Langileak ere nabaritzen ari dira ondorioak: 2009. urtean hasi ziren enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteekin, eta 2018tik bata bestearen atzetik lotzen ari dira. Azkena, azaroan. Espedienteak Trapagarango (Bizkaia) lantegiko ia langile guztiei eragiten die, Productos Tubulares filialeko 382 behargini. Amurrion zortzi hilabete iraun duen erregulazio bat amaitu dute orain gutxi: langileen %80ri eragin zien (692). Eta hori berritzeko prozedura martxan da. Horrez gain, 2017. urtetik behargin guztiek izoztuta dauzkate soldatak.

Urriaren amaieran, zuzendaritzak aurreratu zuen 2022-2024 aldirako plan estrategiko bat prestatzen ari zela, doikuntzak eta kostuen murrizketa jasotzen dituena, baina ez kaleratzeak. Sindikatuek enpresaren bideragarritasuna bermatzeko eskatu dute, eta oraingo lanpostu guztiei eusteko, gutxienez 2024. urtea amaitu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.