Datorren asteko gobernu bileran, Jaurlaritzak onartuko du bere 70.000 langileei soldatak %1,5 igotzea 2018. urtean. Hori da asmoa, baina oraindik ikusteke dago langileek soldata handiagoak jasoko ote dituzten urtarrileko nominan, Madrilek asmo hori zapuztu dezakeelako.
Azken urteotan, krisiaren aitzakian, Espainiako Gobernuak soldatei buruzko bere erabakiak inposatu dizkie bere menpeko administrazio guztiei, eta, derrigorrez, Madrilen aurrekontuetan finkatutakoa ezarri behar izan dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. 2018an, ordea, oso litekeena da Espainiako Gobernuak aurrekontu berririk ez izatea, EAJk uko egin duelako harekin negoziatzeari, Kataluniari buruz hartu dituen erabakiengatik.
Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburordeak onartu egin du Madrilen aurrekontuak ez egoteak «zalantzak» sortzen dituela, baina azkenean «arazorik ez egotea» espero du. Aitortu du, ordea, PPren gobernuak beste bide batzuk badituela bere nahia inposatzeko.
Azken bi urteetan %1eko soldata igoeren ondoren, 2018an «ekonomiaren suspertzea funtzio publikora ere eraman behar da», Zearretaren hitzetan, eta krisiaren aurreko egoerara itzularazi. Asmo hori adierazi dute sindikatuek ere, baina %1,5eko igoerak hori konpontzeko ezer gutxi egiten duela uste dute. «Adar jotze bat da», dio ELAk, igoeraren ondoren langile publikoen sariak 2010eko tauletan baino %3 beherago izango direlako. Krisia hasi zenetik langile publikoek beren erosteko ahalmenaren %15 galdu dutela nabarmendu du ELAk.
Itzarriren ekarpenari buruz ere desadostasunak agerian geratu dira Mahai Orokorraren bileran. 2012tik Jaurlaritzak ez du langileen pentsio osagarrien plan horretan ekarpenik egin, baina 2018an 17 milioi jarriko ditu, langileen soldataren %0,5. Ekarpenak eten aurretik, %3 zela aurpegiratu diote sindikatuek Zearretari.
Soldatei buruzko azken berritasuna da aste honen hasieran Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak aurreratutakoa: bilketa uste baino hobeto joan denez aurten, Jaurlaritzak azaroko soldatetan itzuliko die bere langileei 2012an kendutako aparteko soldataren azken zatia, %25 bat. Gainontzeko administrazioek aspaldi egin zutela gogorarazi dute sindikatuek.
13.500 lanpostuko LEP bat
Baina sariei buruz ez ezik, enplegu publikoarekin ere talka egin dute Jaurlaritzak eta bere langileek. Zearretak baieztatu du «gutxienez» 13.500 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo duela, eta atal bakoitzeko sindikatuekin negoziatuko duela kopuru zehatza.
Kopuru hori txikiegia dela erantzun diote ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk. Batetik, hurrengo urteotan 9.000 langilek erretiroa hartuko dutelako, eta ia-ia hiru langile publikotik bat behin-behineko kontratu batekin dagoelako.