Lan Harremanen Kontseiluak baieztatu du azken hilabeteotan sindikatu abertzaleek salatutakoa: gero eta langile gehiago daude Espainian sinatutako lan hitzarrmenen eraginpean.
Martxoko txosten soziolaborala kaleratu du gaur goizean LHK-k. Horretan ikusten denez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpresako hamabost hitzarmen sinatu ziren hilabete horretan, 598 langileri eragiten dietenak. Sektorekako hitzarmen bakarra izan da, Bizkaiko harri eta marmolekoa, 115 langilerekin.
EAEn eragina duten estatu eremuko hitzarmenei dagokienez, martxoan euren eraginpean ia 1.400 langile hartzen dituzten sektoreko bi hitzarmen erregistratu ziren, baita 258 langileri eragiten dieten enpresako bi hitzarmen ere.
2016an erregistratutako hitzarmenetako batez besteko soldata igoera %1,43 izan da; EAEn eragina duten estatu eremuko hitzarmenetako igoera (%1,69) hiru lurraldeetan negoziaturiko hitzarmenetakoa (%1,35) baino handiagoa izan da.
Martxoak ez du asko hobetu lan harremanek azken lan erreformaz geroztik duten blokeoa, lau langiletik batek baizik ez duelako hitzarmen berritu bat. Hilabetearen amaieran 145.372 pertsonaren lan baldintzak (%26,5) eragin arrunteko hitzarmenek arautzen zituzten; 300.128 langilek (%54,6k) hitzarmena indarraldi luzatuan eta berritzeko zain zuten; eta beste 103.776 pertsonak (%18,9k) hitzarmena iraungita eta berreskuratu gabe zeukaten.