KONTRATU ERRALDOIA

Madrilgo Metroko trenak CAFek egingo ditu, 520 milioi euroan

Beasaingo konpainiak ekoiztuko ditu bagoiak, eta kontsortziokide dituen Bombardierrek eta Siemensek trakzio sistemak

Irune Lasa.
DONOSTIA
2004ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Beste kontratu garrantzitsu bat erdietsi du Beasaingo CAF tren konpainiak: Madrilgo Metrorako 90 tren eta 14 bagoi motor egingo ditu, Bombardier eta Siemens multinazionalekin batera, 645,8 milioi euroren truke. Kopuru horretatik %80 baino gehiago izango da CAFentzat, hots, 520 milioi euro gutxi gorabehera. CAFen zeregina trenak egitea izango da, eta Siemens eta Bombardierren ardurapean egongo dira trakzio sistemak.

Trenak bezeroari emateko epea 2007an beteko da, eta CAF industri plana prestatzen ari da ekoizpena antolatzeko. Argi dago Beasaingo lantegiaz gain, CAFek Irunen eta Zaragozan dituen beste bi lantegientzako lana ere ekarriko duela kontratuak, 90 trenak guztira 432 bagoirekin osatuko baitira. Neurri estuko trenak izango dira 90 horiek, eta bi trakzio teknologia desberdin izango dituzte; 36 tren tentsio bakarrekoak izango dira eta gainerako 54ak bi tentsioetarakoak, 600 watteko linea normaletan eta 1.500 watteko linea berrituetan ibiltzeko gai izango direnak. 3000 modeloko tren horien ezaugarrien artean, aipagarriak dira, besteak beste, honakoak: egitura arina, aleazio eta aluminioarekin eginak, aurrez aurreko talkentzako babes sistema, etengabeko kontrol eta diagnosirako sare informatikoa, babes eta gidatze sistema automatikoa, suteen detekzio eta itzaltze sistema, eta, zaintzarako zein informazio eta entretenimendurako bideo sistema. Neurri zabaleko 8000 serieko 14 bagoi motor egiteko kontratua ere itxi du CAFek, 34 milioi euroan. Hain zuzen, Madrilgo Metrorako CAFek egindako azken trenak 8000 seriekoak izan ziren, Metrosur eta Barajasko aireportuko linearako. Zortzigarren linea horretan gaur egun zerbitzua ematen duten bagoiei gehituko zaizkie 14 bagoi berriak. Ez dira izango horiek Beasaingo tren fabrikatzaileak Madrilgo Metrorako egiten dituen lehen trenak, konpainiak jakinarazi duenez, 1918tik gaur arte hornitu baitu Espainiako hiriburuko metroa eta hango ia tren guztiak diseinatu eta fabrikatu ditu CAFek, 1.700 bagoitik gora. Urtarrilean zabaldu zuen Madrilgo Erkidegoko Gobernuko garraio enpresak (Madrid Infraestructuras del Transporte, Mintra) orain arteko Europako bagoi erosketa handiena egiteko lehiaketa. CAFek, Siemensek eta Bombardierrek osatutako kontsortzioak lortu duen 90 treneko eta neurri zabaleko 14 bagoiko kontratuaz gain, lehiaketan 9000 serieko 252 bagoi egiteko esleipena ere ebatzi da. Italiako Ansaldobreda taldeak lortu du kontratu hori, eta inbertsioa 392 milioi eurokoa da.

Europako kontratu handiena

Guztira, 698 bagoi egiteko lanak banatu ditu Mintrak, 1.037 milioi euroko inbertsioarekin. Madrilgo Erkidegoko presidente Esperanza Aguirrek atzo azaldu zuenez, Erkidegoko Administrazioak finantzatuko du osorik. Bagoi kopurua kontuan harturik, Europako kontratu handiena da atzo esleitutakoa eta munduko bigarrena, New Yorkeko hiriak 1992an egindakoaren atzetik; New Yorkeko Metroak urte hartan 1.080 bagoi erosi zituen.

Madrilgo Metroa barne, guztira 11 hiritako metroetarako trenak egin ditu CAFek. Azkenak, Madrilgo Metroko 8. lineakoez gain, Erromako Metrorako, Bartzelona Metrorako eta Bruselakorako egindakoak izan dira.

-

CAFen kontratuak





 

Hiri eta inguruetarako







Metroak
BilboBartzelonaBruselaMadrilHong KongWashingtonSao PauloMexikoErromaSevillaValentzia

Unitate artikulatuak
Pittsburgh (AEB)Sacramento (AEB)Amsterdam (Herbehereak)Monterrey (Mexiko)Kostaldeko Trena (Argentina)

Aldirikoak
RENFEEusko TrenbideakKataluniako Burdinbideak

Bide estuko Espainiako TrenbideakMallorcako SFMFinlandiako TrenbideakPortugalgo TrenbideakHong-Kong Lar AireportuaHeathrow ExpressNorthen SpiritIrlandako TrenbideakIpar Irlandako Trenbideak

Tranbiak
ValentziaLisboaBilbo

Linea handiak







IntercityakSail eta saloiko bagoiakLotarako kotxeakJatetxe eta kafetegi bagoiakAbiadura handiko tren elektrikoak

Abiadura handia
Madril-SevillaMadril Frantziako mugakoakLantzaderak RENFEZabalera aldagarriko tren autopropulsatuak

Beste ekoizpenak







SistemakOsagaiakBagoiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.