Atzoko ospakizunetako hiru erregeez gain, mahaian gehien indartzen ari den laugarren erregea euroa da. AEBetako dolarretik eta errenta finkotik ihesi edo, euroak sendo jarraitzen du eta, bide batez, baita Europako burtsek ere. Dow Jones bera igoerak oparitzen hasi zen atzo eta Ibex-35 indizeak 8.000 puntura gerturatu ditu oinetakoak.
Lujanbiok dion legez, opariak oparigilea salatzen badu, azken asteetako igoeren atzean burtsa iruzurgile bat egon liteke. Paper polit eta koloretsuaren azpian urteko emaitza onik baden ikusi beharko da.Bizkitartean, langabezia, mantso, baina gorantz doa Espainian eta Euroguneko inflazioa %2,1 izan da 2003an. EBZk interes tasak ukitzerik, epe laburrenean bederen, ez da espero. Giro eguzkitsua behar lukeena, euroaren sendotzeak lanbrotzen du batez ere. Monarkia absolutisten arriskuak, jakina.
-FRANCE TELECOMEN izango duen partaidetza %50 baino txikiagoa izatea onartu du Frantziako Gobernuak. Baliteke Wanadooren akziodun txikiei zuzendutako eskaintza publikoa egitea.
-JEAN MARIE MESSIER gogor zigortu du AEBetako balio merkatuko SEC begiraleak, Frantziako COB eta Espainiako CNMVren parekoak. Milioi dolarreko isunaz gain, iruzurgile korporatiboen zerrendan jarri du.
BURTSA
Mahaiko laugarren erregea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu