Autogintzaren merkatua nonbait hazten ari bada, Asian ari da. Aukera horretaz baliatu ahal izateko, aurrerapauso handia egin du CIE Automotivek, Indiako Mahindra taldearekin aliantzarako akordioa lortu baitu. Euskal enpresak Mahindraren automoziorako osagaien negozioa integratuko du. 560 milio euroko fakturazioa du hark. Trukean, Indiako taldeak CIEren kapitalaren %13,5 eskuratuko du, eta bigarren akzionista nagusi bihurtuko da.
Operazioaren emaitza Indiako hamar ekoizpen plantaren eta Europako beste seiren integrazioa izango da. Guztira, 10.000 pertsona aritzen dira haietan. Akordioaren berri larunbatean eman zuten, eta gaur, burtsek txalotu egin dute: CIEren akzioak %11 inguruko igoera ari dira izaten.
CIE Automotiven aurreikuspenen arabera, aliantzaren eraginez, 2.225 milioi euroren salmentak izango ditu aurten; joan den urtean, 1.645 milioi fakturatu zituen. Horrez gain, Bombayko burtsan kotizatzen hasiko da —Madrilen eta Sao Paulon ere egiten du—. "Mahindrak gure antzeko eskaera zorroa du, eta gure enpresa balioak partekatzen ditu. Pozik gaude Indiako sarreraren atea aurkitu dugulako", esan du Anton Pradera CIE Automotiveko presidenteak.