Maiatzean 3.593 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian

Inoizko afiliatu gehien dago erregistratuta Gizarte Segurantzan. Lau kontratutik hiru zerbitzuen sektorekoak eta aldi baterakoak dira.

Nafarroako Lansare enplegu zerbitzu publikoaren bulego bat Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Lansare enplegu zerbitzu publikoaren bulego bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko ekainaren 4a
09:00
Entzun

Urtearen bigarren erdialdirako iragarritako susperraldia aurreratu egin da lan merkatuan. Enplegu sorrera goranzko joeran dago oraindik ere, eta indartsu: 3.593 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herriko enplegu bulego publikoetan. Guztira, 136.201 langabe daude. Gizarte Segurantzako afiliazioak ere gero eta gehiago dira, eta errekor berri bat ezarri da, bigarren hilabetez jarraian: 1.330.476 pertsona daude lan kontratu batekin, aurreko hilabetean baino 8.586 gehiago. 

Maiatza hilabete ona da lan merkatuarentzat, eta ekaina hobea izan ohi da, udako kanpainara begira sortzen diren lanpostuengatik. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera, iazko joera gertatzen ari da aurten ere. Urte hasiera zaila izan zuen lan merkatuak, baina udaberrian arnasa hartu du, ohikoa izaten duen moduan, eta urteko bigarren seihilekoan ekonomiak hobera egingo duela dioten aurreikuspenek bultzatuta.

Lurralde guztietan egin du behera langabe kopuruak. Hilabete batetik bestera Bizkaian 1.397 gutxiago daude lanik gabe, Gipuzkoan 1.009, Araban 725 eta Nafarroan 462. Urteko bilakaera, berriz, positiboagoa izaten ari da Araban eta Nafarroan beste bi lurraldeetan baino. Araban, iaz baino 910 langabe gutxiago daude, eta Nafarroan, berriz, 233. Bizkaian hogei baino ez, eta Gipuzkoan gora egin du lanik ez dutenen kopuruak: iazko maiatzean baino 77 gehiago daude gaur egun. 

Sexuaren arabera, bietan jaitsi da: 1.522 langabe gutxiago daude gizonen artean (-%2,6), eta 2.071 gutxiago emakumeen artean (-%2,5). Langabezia nabarmen handiagoa da oraindik ere emakumeen artean (langabeen %58,3 dira), gizonen artean baino (%41,7).

%25

Lanaldi partzialak dituzten emakumeak Andreen artean mota horretako lanaldia du lautik batek (%25,5); gizonen, artean, berriz, hamarretik batek (%11,2). Lanaldi partzialean dauden langileen %68,34 emakumeak dira.

Hego Euskal Herri osoa kontuan hartuta, langabezia datuak onenetarikoak dira serie historikoan. 2009ko krisialdi ekonomikoaren ondoren inoiz ez da hain kopuru txikirik izan; soilik iazko udan egon ziren orain baino langabe gutxiago. SEPEren datuak INEk emandako biztanleria aktiboaren inkestarekin konbinatuz gero, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %9,66 da.

Are emaitza hobeak erakusten ditu Gizarte Segurantzako afiliazioak. Kasu horretan, bai, errekor berri bat ezarri da. Inoizko afiliatu gehien dago Hego Euskal Herrian. Aurtengo apirilekoa zen aurreko marka, eta beste 8.586 pertsona batu dira maiatzean. Guztira, 1.330.476 pertsona daude lan kontratu batekin.

Zerbitzuen pisua

Zerbitzuen sektorea bultzatzen ari da lan merkatua. Apirilean zenbatu diren langabe gutxiago horien artean, hamarretik bederatzi (3.218) horkoak dira. Besteetan txikiagoa izan da jaitsiera. Industrian 222 lagun gutxiago daude langabezian, eraikuntzan 180, eta lehen sektorean 79. Aurretik lanik gabe zeudenen kopurua, aldiz, igo egin da: 106 gehiago daude langabezian. Lan merkatuaren bilakaera onak bultzatuta, jende gehiago dago orain lan bila enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda.

Zerbitzuen sektoreak lan merkatuan hartu duen pisua argiago erakusten dute maiatzean egindako lan kontratuen datuek: lautik hiru (%77) arlo horretakoak dira. Industria sektorekoak, berriz, %17; eta eraikuntzakoak, %3.

Lan kontratu motak ere erakusten du zerbitzuen sektorearen indarra. Sektore guztiak kontuan hartuta, aldi baterakoak izan dira lautik hiru kontratu (%77,2). SEPEren datuetan ezin da sektoreen araberako bereizketarik egin, baina gisa horretako kontratuak ohikoagoak izaten dira zerbitzuetan, besteetan baino. 

2022an Espainiako Gobernuaren azkenengo lan erreforma indarrean sartu zenetik, ehuneko hori antzera mantendu da hilabete guztietan —aurretik kontratuen %90 inguru izaten ziren behin-behinekoak—, gorabehera batzuekin. Aurtengo maiatzean iazkoan baino apur bat gehiago izan dira aldi baterakoak—hiru puntu igo da—. Aurreko hilabeteetan ere igoera txiki bat izan da aurreko urteekin konparatuta. 

Guztira, maiatzean 86.745 lan kontratu egin dira, apirilean baina 9.991 gehiago, baino iazko maiatzean baino 1.845 gutxiago. Beste urte batzuetako maiatzetan eginikoekin konparatuta ere, oro har gutxiago izan dira. Izan ere, behin-behinekotasuna murrizteko, lan erreformak aldizkako finkoen kontratazioa bultzatu du, eta horren erabilera gero eta gehiago zabaltzen ari da sektore jakin batzuetan, zerbitzuetan bereziki, eta emakumeen artean. Maiatzean egindako aldizkako kontratu finkoen %64,45 emakumeek sinatu dituzte.

25.959

Subsidioa jasotzen duten langabeak Maiatzean, langabezia subsidioa 90 euro igotzea adostu zuen Espainiako Gobernuak CCOOrekin eta UGTrekin. 570 euro izango da lehenengo sei hilabeteetan, kolektibo gehiago babestuko ditu, eta, kasu batzuetan, lanarekin bateragarria izango da. Hego Euskal Herrian langabeen %18,57k jaso dute subsidioa maiatzean; kotizaziopeko prestazioa, berriz, %27,9k. Enplegurik ez dutenen erdiek baino gehiagok (%52,07k) ez dute prestaziorik kobratu.

ERREAKZIOAk

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.