Bankuak

Maileguan emandako dirua handitu du Kutxabankek, aspaldiko partez

Urteko lehen sei hilabeteotan 144 milioi irabazi ditu, iaz baino %17,5 gehiago

Iker Aranburu.
2016ko uztailaren 28a
10:31
Entzun

Interes tasen maila oraindik ere gutxienekoetan dagoen arren, irabaziak handitzeko gai izaten ari da BBK, Kutxa eta Vitalen bankua. Negozio arruntak —gordailuak biltzea eta horiekin maileguak ematea— gero eta diru gutxiago eman arren (iaz baino %8,3 gutxiago), beste leku batzuetatik lortutakoekin ari da emaitzak txukuntzen. Batetik, gero eta diru gutxiago baztertu behar du ustel atera dakizkioken maileguak estaltzeko (126,8 milioi, %56 gutxiago), eta, bestetik, dibidendu oparoak eman dizkiote akziodun dituzten enpresek (86 milioi, %112 gehiago). Administrazio kostuak ere gutxitzen ari da.

Emaitza onen beste arrazoi bat da bezeroak ugaritzen ari zaizkiola. Kutxabankek "suspertze zantzuak"  ikusten ditu ekonomian, eta hori aurrezki gehiago biltzea eta mailegu gehiago ematea ekartzen ari da. Inbertsio funtsetan eta ageriko aurrezkian iaz baino %8,8 diru gehiago bildu du. Baina hori baino deigarriagoa da aspaldiko partez maileguan emandako dirua handitzen ari dela. Kopurua txikia da (%0,7 gehiago), baina joera aldaketa erakuts dezake. Enpresei inbertsioetarako ia 5.000 milioi utzi dizkie; inbertsio produktiboetarako maileguak %49 handitu ditu, eta %7, berriz, zirkulatzailea finantzatzeko.

Norbanakoek ere diru gehiago eskatu diote. Etxebizitzak erosteko maileguak %40 handitu dira urtebetean. Nabarmentzekoa da interes finkoko edo mistoko maileguak dagoeneko kontratu berrien %45 direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.