Enpresak

Makina-erremintak aurten ez dio eutsiko iazko igoerari

Urte hasiera zailaren ondoren, fakturazioa %5 eta %7 artean jaistea espero du AFM elkarteak. 

Iker Aranburu.
2013ko maiatzaren 9a
17:41
Entzun

2012ari ongi eutsi zioten sektoreetako bat izan zen makina-erremintarena, esportazioei esker enpleguari eutsi eta fakturazioa %12,59 handitzea lortu zuelako. Baina goitik behera egin zuen urteak, eta 2013a ere pattal hasi du. Makina berrien eskaria %40 jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan, eta fakturazioa ere behera doala azaldu dute Jose Ignacio Torrecilla AFM elkarteko presidenteak eta Xabier Ortueta idazkariak, gaur goizean, Donostian. Urteak aurrera egin ahala gauzek hobetzea eta eskariak handitzea espero dute. "Irailean beste mezu positiboagoa eman ahal izango dugu", zehaztu du Torrecillak.

Sektoreak esportazioei esker eusten dio. Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetatik kanpo saldu zituzten iaz makinen eta osagaien ia %82, inoizko kopururik handiena. Esportazio horiei eusteko eta batez ere makinek merkatu urrunetan behar duten zerbitzua hobeto eman ahal izateko enpresek neurria handitu behar dutela ziurtatu du AFMk, asko enpresa txiki eta ertainak izateak ematen duen malgutasunari uko egin gabe. "Badakit zirkuluaren kuadratura dirudiela horrek, baina egin daitekeela uste dut", ziurtatu du Torrecillak. Fusioak baztertu gabe, taldeak osatzea eta elkarri laguntzea sustatu nahian dabil elkartea.

Makina-erremintaren egileak oso kezkatuta azaldu dira Espainiako merkatuarekin, urtetik urtera txikitzen ari delako. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote ahalegin berezia egin dezala industriari eusteko. "Egia da baliabide gutxiago daudela, baina gutxi daudenez ongi banatu behar dira. Egia da sektore guztiak direla inportanteak, baina herria dinamizatuko duena industria da, eta hori bultzatuta izango dira baliabide gehiago". Espainiako Gobernuari, berriz, berrindustrializazio politika bat ezartzeko galdegin diote, "basamortu industriala" bilakatzen ari delako. AEBetan edo Erresuma Batuan jada berrindustrializatzeko politikak abian daudela gogorarazi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.