Makina-erremintak eskari gutxiago ditu aurten ere, autogintzarengatik bereziki

AFMren arabera, lan poltsa %5 eta %10 artean gutxituko da aurten. AEBak dira sektorearen bezero nagusia, baina %1,7 gutxiago esportatu da aurten hara.

Xabier Ortueta eta Unai Andueza gaur Donostian, aldundiaren egoitzan egin duten prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xabier Ortueta eta Unai Andueza gaur Donostian, aldundiaren egoitzan egin duten prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 24a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makina-erremintaren sektoreak oraindik zailtasunak ditu bezero berriak topatzeko. Sektoreak adierazi du aurten ere iazko joera bera izango dela, eta, zertxobait behera egingo duen arren, eutsi egingo diela diru sarrerei. Aldiz, eskaerek behera egiten jarraituko dute: 2024an %23 gutxitu ziren eskaerak, eta aurten %5 eta %10 artean apaltzea espero dute.

Garai ilunak dira Europako autogintzan, eta hori nabaritzen ari dira Euskal Herriko makina-erreminta sektorean. AFM makina-erremintaren klusterraren arabera, deformaziorako makinak egiten dituzten enpresak ari dira hartzen kolperik handiena —piezak tolesteko erabiltzen diren makinak egiten dituzte—, eta azpisektore horretan dituzte alerta gehien piztuta. Autogintzari estu lotutako azpisektorea da; klusterraren zuzendari Xabier Ortuetak azaldu duenez, automozioan «aldaketa izugarria» ari da gertatzen, eta horrek eragina du. «Deformazioan dago gure kezka nagusia», esan du. Iaz, esaterako, %40,8 gutxitu zitzaizkien eskaerak deformazioko makinetako enpresei, eta aurten ere «sufritu» egingo dute.

Bestalde, harroketa makinen eskariak mantentzen ari dira aurten —piezetan zuloak, irudiak, errailak eta beste egiteko makinak dira—. Iaz %8,7 egin zuten bera azpisektore horretako eskariek. «Oso proiektu zailak dira horiek, bolumen handiagokoak eta arrisku gehiagokoak, baina ondo ari gara horiei erantzuten», azaldu du AFMko zuzendariak.

Gehien jarduten duten merkatuetan «muga berriak eta zailtasunak» ikusten ditu Ortuetak, eta hainbat arrazoi zerrendatu ditu. Lehenik, «Europaren ahultasuna» aipatu du, Alemaniarena eta Frantziarena bereziki. Bigarrenik, azaldu du Asiako merkatuan ere jaisten ari direla eskariak, izan ere, Txina gero eta gehiago ari da horrelako makinak ekoizten, eta bertako makinak izaten saiatzen dira. Azkenik, AEBak aipatu ditu: %15eko muga zergak ezarri dituzte, eta gainera, ziurgabetasun geopolitikoaren ondorioz, bere dibisaren balioa %15 jaitsi da azken urtean.

Hala eta guztiz ere, AEBak izan dira Gipuzkoako makina-erreminta enpresen bezero nagusia aurten. «Eskari guztien %20ra ere iritsi dira», zehaztu du Ortuetak. Onartu du AEBek ziurgabetasun gehigarri bat ematen dutela, muga zerga gehigarriak direla eta —adibidez, altzairuak eta aluminioak %50eko muga zerga dute, eta autoek %27,5ekoa—. Hala ere, Ortuetak ez du espero makina-erreminten gainean «blokeorik» ezartzea, AEBei kalte egingo lieke eta.

Aukerak sofistikazioan

Txina «lehiakide itzel» gisa aitortu du AFMko zuzendariak. Unai Andueza Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak ere antzeko ideia aipatu du: «Ekoizten dituzten makinen kalitatea gero eta hobea da, ez da prezioa soilik ona». Baina, aldi berean, Txinak hartzen dituen merkatuetan ere aukerak ikusten dituzte biek. «Oso onak izan litezke, baina soluzio oso berezi bat behar duten nitxoak ez dira haientzat garrantzitsuak, eta hor dugu guk aukera».

Esplikatu dute makina horiek ondo ari direla funtzionatzen hainbat sektoretan, hain justu ere, energiarekin, defentsarekin, aeronautikarekin eta trengintzarekin lotutako sektoreetan. «Testuinguru zail honetan aukerak baditugu, eta sektore horiek behar asko dituzte. Guk aplikazio potenteak ditugu horientzat», esan du Ortuetak.

Esportazioak gora eta behera

Sektore esportatzailea da makina-erremintarena, eta oraingoz, bide onean dabil. AFMko zuzendariaren arabera, iaz baino gehiago esportatu du aurten Gipuzkoak: %2,4 gehiago. Abuztuko datuek esportazioen %16ko jaitsiera erakusten duten arren, urak baretu nahi izan dituzte biek: «Urte bateko hilabete bat eta aurreko urteko hilabete bera aztertzea ez da egokia, aldeak handiak izaten dira eta. Ebaluazioak ateratzeko denbora tarte bat hartu beharra dago kontuan», esan du Ortuetak. Hori bera azaldu du Anduezak: «Fakturatzen den momentuaren arabera eta esportazioen arabera, litekeena da alde handiak egotea».

Anduezak gehitu du AEBetako egoerak, ziurrenik, hainbat operazio aurreratzea eragin duela herrialde horretan. Izan ere, aurtengo abuztuan iazkoan baino %30 gutxiago esportatu da Gipuzkoan AEBetara, gutxi gorabehera. Hala ere, Anduezak argitu du urtarriletik abuztura artekoa begiratuz gero jaitsiera %1,7koa izan dela.

Donostian egin dute agerraldia AFMk eta Gipuzkoako Diputazioak, urriaren 29tik 31ra bitartean egingo den makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren kongresua aurkezteko. Sektore horretako 600 profesional baino gehiago bilduko dira Gipuzkoako parke teknologikoan. Makina-erremintak pisu handia du Hego Euskal Herriko industrian, Gipuzkoan bereziki, eta ibilbide luzea ere badu. Gipuzkoan 2.193 milioiko fakturazioa izan zuen sektoreak 2024an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.