Makina-erremintaren sektorea iaz abiatu zen krisiaren basamortuan. Urtearen hasieran aurrera egiteko baliabideak bazituen zakutoetan: 2008an pilatutako lan eskaerak. Iaz, baina, makinak egiteko eskaerak amaitzen joan ziren eta gero eta nekezagoa zen berriak lortzea. Historiako urterik txarrena izan zen eskaera kopuruari dagokionez, %66 jaitsi baitzen 2008aren aldean. Ondorioz, 2010aren hasieran makina-erremintaren sektoreak basamortuan jarraitzen du, baina zakutoak ia hutsik dituela. «Sektorea bere egoera zailenean dago», onartu zuen atzo Koldo Arandiak, AFMko presidenteak.«Bizirik irauten saiatzeko urtea izango da».
Espainiako Makina-Erremintaren Ekoizleen Federazioa da AFM. Espainiako elkartea bada ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresenak dira AFMren ekoizpenaren eta esportazioen %75 inguru. AFMk batzar nagusia egingo du gaur, Donostian.
Makina-erreminta industriaren mende bizi dira autogintza, aeronautika, trenak eta energia (haize errotak) batez ere. Horien lana nabarmen jaitsi da eta, beraz, ez dute inbertsiorik egiten makina berriak erosteko. 2008an sektore eolikoa bezero eta helduleku garrantzitsua izan zen; baina horrek ere izan ditu finantzaketa arazoak, eta eskaerak asko jaitsi ditu.
Horren erakusgarri dira sektorearen iazko emaitzak. Kopuruek beherakada handia izan dute 2008aren aldean: produkzioa %29,5 eta esportazioak %25 (ekoitzitakoaren %75 esportatzen dute). AFMko enpresek langileen %6-8 kaleratu dituzte, eta elkarteko 87 enpresetatik 30ek onartu dituzte enplegua erregulatzeko dosierrak. Batzuek aplikatu dituzte, beste batzuek, ez.
Eskaerak, gora
Haatik, egoera zaila izanda ere, ekoizleek «lehen argi izpiak» ikusi dituzte «laino beltzen artean». Iazko lehen hiruhilekoa izan zen eskaera berri gutxien jaso zuten hiruhilekoa. Ordutik aurrera eskaeren kopurua igo egin zen hiruhileko guztietan, baita aurtengo lehenengoan ere (iazkoa historiako urte txarrena izan zen).
«Joera positiboa da, baina eskaeren kopurua 2008koaren erdia baino txikiagoa da», onartu zuen Arandiak. «2010a 2009aren parekoa edo okerragoa izan daiteke».
Zergatik? Aintzat hartu behar da makina-erreminta luzera begira lan egiten duen sektorea dela. Bezeroak makina bat eskatzen duenetik hilabeteak pasatzen direla makina jasotzen duen arte. Iaz enpresek 2008ko eskaerei esker eutsi zioten jarduerari; aurten, ordea, iazko jaitsieraren ondorioak igarriko dituzte.Pentsa, AFMrentzat «arrakasta» litzateke aurten iazko produkzioari eustea. 2011ko lehen erdirako espero du eskaeren hazkunde garbiagoa.
Ekialdetik jasotzen ari dira eskaera gehienak. Berez, Alemania eta Frantzia dira bezero nagusiak. Aurtengo lehen hiruhilekoan, ordea, Txinak eta Indiak egin diete eskaera gehien, iaz halako bi. Eskaeren jaitsiera Europan eta AEBetan baino txikiagoa izan da bertan.
Makina-erremintak lan eskaerak behar ditu. Horregatik, laguntza eskatu die administrazioei, «basamortua gainditzeko». Eskaerak bultzatuko dituzten laguntzak nahi ditu, industriari eman beharrekoak, makina berriak erosteko. «Makina-erremintak eragin biderkatzailea baitu», nabarmendu zuen Arandiak. «Industriari lehiakorrago izaten eta enpleguari eusten laguntzen dio».
Biurtekoa BECen
Eusko Jaurlaritzak iaz egin zuen makina zaharrak berritzeko Renove plana. Nafarroako Gobernuak ere eman zituen laguntzak. Jaurlaritzak hamar milioi euroko laguntza eman zuen, bizatitan banatuta. Lehenengo bost milioiak lau egunetan amaiatu ziren. Bigarrenak lau ordutan. SPRIren webgunea bertan behera geratu zen. Espainiako Gobernuari eskatu diote laguntza, baina oraingoz ez du aintzat hartu.
AFM eta makina-erremintaren sektorea beren ekitaldi garrantzitsuenaren atarian daude, biurtekoa: maiatzaren 31tik ekainaren 5era egingo dute, Barakaldon (Bizkaia), BECen. Lau pabiloi hartuko ditu. 457 erakusketarik eta 1.030 enpresak parte hartuko dute, eta 44.000 profesionalek eman dute izena.
Makina-erremintaren eskaria %66 jaitsi da, eta «une zailenean» dago
Iaz 2008ko eskaerei esker eutsi zioten jarduerari; aurten, aldiz, eskaeren poltsa ia hutsik daukate AFMko enpresa gehienek. Industriarentzako laguntzak eskatu dizkiete administrazioei, makinak berritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu